Zorionak Kortariko Gasna!

Kortariko Uharte Arakil 2023

Lekarozko Infernuko eta Kortariko Gasna gasnategiak Uharte Arakilgo lehiaketa irabazi du

Titulua laugarren urtez berretsi du

Abuztu amaieran ospatu ohi da Uharte Arakilen “Artzai Eguna”. Euskal artzainari eskainitako jardunaldia da, eta, ekitaldi nagusienen artean: Ardi Txakur Txapelketa eta Nafarroako Latxa Ardiaren Esne Gordinez Egindako Gasna lehiaketa.

Txapela, laugarren urtez, Lekarozen geratu da: Infernuko eta Kortariko Gasna gasnategiak irabazi du, eta 2018an, 2019an eta 2022an egin bezala, Julen Arburuak jantzi du berriz ere.

4.750 euro gazta irabazlearengatik

Enkante gogor baten ondoren, eta orain arteko prezioen marka gaindituta, 4.750 euro ordaindu, eta Oscar Diez de Ulzurrun Goñik, Gorraizko Gazteluko eta Ultzamako Bentako jabeak eraman zuen gasna irabazlearen erdia.

Infernuko eta Kortariko gasna

Baztango Bailarako Orabidea auzoan dago “Kortariko gasna” gasnategia. Baserriko larretan behiak eta ardiak nagusi, hortaz, betidanik izan dute Kortariko bordan behi eta ardi gasna egiteko ohitura.

Belaunaldiz-belaunaldi tradizioa bizirik mantendu dute, eta, egun, Idiazabal izendapena duen gasna honek, domina ugari jaso ditu.

Palmaresa

Uharte Arakileko gasna lehieketan txapeldun: 2018, 2019, 2022 eta 2023

Ordiziako azokan, Urrezko Domina irabazi zuen 2019. urtean, eta 2020an 3. saria lortu zuen.

Madrileko Gourmet azokan, Espainiako gasnarik onena izendatu zuten Kortariko “Infernuko gasna” 2018an.

Euskal Herriko txapelketan bigarrena geratu zen 2021ean.

2020an, Londresen Londreseko Great Taste Awars 2020 sarietan jaki eta edarien arloko munduko sariketa nagusian, aitortza jaso zuen bigarren urtez jarraian.

Infernuko eta Kortariko Gasna gasnategian nola lan egiten duten bertatik bertara ezagutu nahi baduzu, gaztandegira bisita gidatua egin dezakezu. Bertan, gazta nola egiten duten ikusteaz gain, ardi txakurren lana ere ikusi ahalko duzu