Guk euskaraz, zuk zergatik ez?

Ongi etorri! Hemen euskaraz bizi gara

Egunon! Zer moduz? Ongi ibili!

Bertakoa zein kanpotarra izan, euskaraz hitzegiteko proposamena dakartzagu! Erran ezazu euskaraz lehendabiziko hitza, gurera datozenek Hiztegi ttipia eskutan euskaraz erantzuteko!

Gurera heldu diren bisitariak berehala konturatzen dira Baztan-Bidasoan bi hizkuntza erabiltzen ditugula: euskera eta gaztelera. Gure ondare naturala, kulturala, historikoa ezagutzera etortzen dira, baita gure ondare linguistikoa ezagutzera ere. Hortaz, eta euskera pixka bat ezagutzera gonbidatzeko, Bortziriak, Malerreka eta Baztango Euskara Zerbitzuek kalean dute ONGI ETORRI HEMEN EUSKERAZ BIZI GARA eskuorri berria.

Euskaraz dago idatzita gure historia, euskalduna da gure kultura

Hizkuntza gure marka dela eta hemen euskaraz bizi garela erakutsi nahi diegu bisitan heldu zaizkigunei.

Paisaia, historia, kultura, gastronomia,…dena da garrantzitsua gurean. Baita gure Ama hizkuntza ere.

Ongi etorri! Hiztegi ttipia

Argitalpenak Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako hizkuntza errealitatearen berri ematen duen azalpen labur bat dakar euskaraz, gazteleraz, frantsesez, katalanez eta ingelesez. Azalpenean azpimarratzen da eskualde hauetan euskara hizkuntza bizia dela, eta horrez gain, bisitariei ahal duten neurrian euskara erabiltzeko gonbita egiten zaie. Horretarako oinarrizko hiztegi bat erantsi da, gaztelera, frantsesa, katalana eta ingelesera itzulia.

Euskara zerbitzuez gainera, turismo arloko eragileek gisa honetako argitalpenaren beharra ikusi dute. Izan ere, eskualde hauetako promozio turistikoa lantzen denean, bertako paisaia, baliabideak, kultura, ohiturak eta tokiak kontuan hartzen dira, baina ez da berdin jokatzen hizkuntzarekin; eta euskara ere bada Baztanen, Malerrekaren eta Bortzirien marka. Hortaz, gabezia horri aurre egin nahian prestatu dute argitalpen hau.

Aste Santurako hiru eskualdeetako turismo bulego eta toki turistiko garrantzitsuenetan egonen da. Edozein kasutan, turismo arloko edozein eragilek argitalpenaren ale batzuk eskuratu nahiko balitu, nahikoa luke hiru eskualdeetako edozein euskara zerbitzurekin harremanetan jartzearekin. Uraren Bailarak eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak ere banaketarekin lagunduko dugu.

Ikusi eta jaitsi  HEMEN eskuorria!