Larun, “Euskal Kostaldearen begiratokia"

Nafarroa eta Lapurdi arteko mugan dago Larun ( 905m). Pirinioko mendebaldean aurkituko dugun bigarren gailur garaiena da (Artzamendi 925m). 

Ibilbide ugari dago gailurreraino iristeko, iparraldetik zein hegoaldetik (Bera, Sara, Askain, Olhette…). Larrungo magaletik igarotzen da baita GR10 ibilbidea ere. Oinezko bidean, bunkerrak eta kromletx-ak ikusteko parada dago.

Ez dira mendizaleak baina Larun gehien bisitatzen dutenak. Euskal Herriko toki bisitatuenetako bat da eta ez da harritzekoa, 905 metroko altueratik ikusten den panoramika zoragarria da. 360ºko begiratokia da Larun eta zerua urdin dagoenen, Lapurdiko kostalde guztia ez ezik, Txingudiko badia ere ikus daiteke. Mitxelin Gida Berdean dituen 3 izarrak, Larungo kalitate turistikoaren berme dira.  

 

Sara eta Askain artean dagoen Saint Ignace geltokian, Laruneko gainera abiatzen den trena, Le Petit Train  izenekoa, gailurrera igotzeko garraiobide erabiliena da. Urdazubi eta Zugarramurditik hurbil eta Donibane Lohizunetk 10 kilometrora dagoen trenbide hau, 1925 ean eraiki zuten. 35 minutuko ibilbide zoragarrian gailurreraino eramanen gaitu eta bidean, pottokak, ardiak, putreak,…ikusteko parada izanen dugu. 

Ikuspegiarekin batera, deigarriak baita bisitariak gailurrean aurkituko dituen eraikinak ere. “Bentak” izeneko saltoki handiak dira: otordu egiteko, aperitifa edo kafea hartzeko eta oroigarriak erosteko.   

Historia

Juan Peñak, Berako gazteak, bide erdian zegoen harrizko txabola batean negozio txiki bat ireki zuen 1947. urtean. Bertan, laranjak, espartinak, edariak,…saltzen zizkien Larhunera joaten ziren iparraldeko bizilagunei; izan ere, II.Mundu Gerraren ondotik, mugak itxita zeuden eta Frantzian hornidura arazoak zeuden. 50. hamarkadan, gailurretik hurbilago egurrezko etxola eraiki zuen eta hamarkada horren bukaeran gailurrean bertan instalatu zen. Hasieran mando eta idien gainean igotzen zituzten eraikuntza-materialak eta merkantziak. Ondoren, kable sistema bat ezarri zuten, poleen bidez mugitzen zena. 12 kaiola zituen eta haietan garraiatzen zituzten merkantziak. 70.hamarkadan goraino igotzeko pista ireki zutelarik kablearen erabilera bertan behera geratu zen.