Urria, ehiza hilabetea Baztan-Bidasoko eskualdean. Etxalarko usategiak zabalik!

Palomeras, Etxalar, Visitas guiadas, Bien de Interés Cultural

Abian da ehiza denboraldia

Urriarekin batera ehiza denboraldia hasten da Baztan-Bidasoan. Ehizilariak mendira doaz, jatetxeek Ehiza Jardunaldi Gastronomikoak (urriaren 12 tik azaroaren 30era) egiten dituzte eta euren menuetan ehizarekin sukaldatutako menuak eskaintzen dituzte; eta Etxalarko usategietan, sarearekin ehizatzen ikusiko dituzu. Sare bidezko uso harrapaketa, Kultur Ondare izendatutako modalitatea da. Bertatik bertara ikusteko aukera ematearren, urtero Bisita gidatuak egiten dituzte usategietara.

Etxalarko usategiak, sarearekin ehizatzen

Etxalarko Usategietan, 600 urte baino gehiago dituen sarezko uso harrapaketaren tradizioa bizirik ikusteko aukera dago. Sistema berezi honek, ez du inolako arma beharrik usoak harrapatzeko eta talde lanean burutzen da, makilekin (paletekin) usoei altuera jeitsiz, zatarrekin hauek izutuz eta sareen azpian bizirik harrapatuz.

 

Etxalarko usategiak, sarearekin ehizatzen
Etxalarko usategiak, sarearekin ehizatzen

Aurten, bisitak urriaren 6an larunbatarekin hasiko dira eta azaroaren 20 bitarteko larunbat, igande eta besta egunetan eginen dira, goizeko 11:00etan hasita. Sareak aldiz, egunero jartzen dira, beti ere eguraldiaren arabera. Tradizio hau ezagutzeko, bakoitza bere kabuz sareetara hurbiltzeko aukera dagoen arren, bisita gidatua aukeratzen dutenek, ehiza eremu mugatuan sartzeko aukera izanen dute, sistemaren xehetasun guztiak ezagutzen dituzten bitartean eta usoak etorriko balira, prozesu guztia bertatik bertara ikusiko lukete, (eguraldia eta zortearen arabera). Bisitaren iraupena, ordu bat eta erdi ingurukoa da  eta prezioa berriz, 5€koa da pertsonako eta 10 pertsona baino gehiagoko taldeentzat eta haurrentzat (6-12 urte), 4€ pertsonako. Bisitaz gain, ikusentzunezko bat ikusteko eta sareetako behatokira sartzeko aukera ere badago, bertatik, usoa datorrenean, sareetan nola sartzen diren hobeki ikusten baita.

Informazio gehiago behar izanez gero www.etxalar.eus edo www.etxalarturismo.com web orriak bisitatu daitezke eta bisita egiten interesatuak egonez gero berriz, (690) 26 77 56 telefonora deitu behar da, edo usategiak@etxalar.eus helbidera idatzi. Usazaleen egunerokoa jarraitu nahi izanez gero berriz, Facebook-eko “Palomeras de Etxalar / Etxalarko Usategiak” orrialdean ere egin daiteke.