Olentzero, Euskal Herriko ikazkin maitatuena
Gaur egun, Olentzero pertsonaia lodi eta utzia balitz bezala agertzen zaigu, baina gizon on-puska da, Euskal Herriko txikienei, eta hain txiki ez direnei ere, opariak banatzen dizkiena. Abenduaren 24an, txapela eta pipa jantzita, menditik jaisten da Euskal Herriko ikazkin ezaguna gure herrietan barna ibiltzeko.
Olentzero Lesakakoa edo ingurukoa dela diote, Bidasoko errekakoa , eta, agian horregatik, Lesakan, abenduaren 24an, eguerdian, Jaiotzen eta Olentzeroen lehiaketa egiten dute. Olentzero irabazleak arratsaldean herriko kaleak zeharkatzen ditu. Aurretik, baina, abenduaren 16an, Olentzero eta Mari Domingi Irrisarri Landen izanen dira, haurren eskutitzak jasotzeko prest.
Baina zein da Olentzeroren jatorria?
Historialarien arabera, Olentzeroren jatorria kristautzearen aurrekoa da. Neguko solstizioaren ospakizunen baitan kokatzen da, eta gabon gaueko kalejiraren ondoren erretzen zuten Olentzero: zaharrak suntsitzeko eta naturaren eta eguzkiaren berpizkundea sinbolizatzeko, urte berrirako bidea libre utziz. Horrela, heriotzaren atzetik bizitza zegoela uste zen.
Berrikuntzaren ideia hori da hain zuzen ere Olentzeroren, Olantzaroren eta Onantzaroren irudiak sinbolizatzen duena.
Kristautasunaren etorrerarekin eta praktika erlijioso paganoak pixkanaka alde batera uztearekin batera, Olentzerok naturaren berrikuntza iragartzen zuen papera utzi eta kristau sakoneko mezu baten eramaile bihurtu zen: Jesusen Jaiotzaren berriemailea.
Olentzero Baztan-Bidasoan
Gabon gauean, ilunabarrean, gabon kantak entzuten dira Baztan-Bidasoko karriketan eta Olentzero eta Maridomingi gure herrietara iristen dira
Abenduaren 24ko gaua berezia da Euskal Herrian, familian disfrutatzekoa, gabon kantak dioen bezala, “aitaren eta amaren ondoan”…
Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak Gabon zoriontsuak opa dizkizu!