Artearen ibilbidea, gure herriak ezagutzeko bertze era bat
Ez dugu ezer asmatuko, Baztan-Bidasoa margotzeko toki zoragarria dela erraten badugu…
Baztan-Bidasoko bazterrak eta paisaiak artista anitzen inspirazio iturri izan dira urteak joan eta urteak etorri. Eskualdeko belai berdeak hori bilakatzen dira uda aldean eta gorrixkak zuhaitzen hostoak udazkenean. Gurean zerua bera ere berezia da, ez da urdina, morea baizik.
Bidasoako margolariak
XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran, Bidasoako Margolarien Taldea eratu zen. Bertako partaide izan ziren ospe handiko margolariak: Javier Ciga, Marcelino Bañales, Ignacio Echandi, Francisco Echenique, Ismael Fidalgo, Menchu Gal,… Eta haien taldekoa Jose Mari Apezetxea erratzuarra ere. Javier Cigaren ikaslea izan zen Apezetxea eta Fidalgorekin tailerra paratu zuen Elizondon. Haiekin arituko zen Ana Mari Marin margolari elizondarra ere. Hirurek Baztango Margolariak taldearen muina osatuko zuten.
Artearen ibilbidea
Baztango Udalak urtero antolatzen du erakusketaz-erakusketa garamatzan Artearen Ibilbidea. Udan, eskualdeko artistek euren etxe, estudio eta tailerren ateak zabaltzen dituzte euren lanak ikusgai jartzeko. Bisitariak aukeratuko du non hasi eta non bukatu, zenbat etapetan egin bidea, zein erritmoan,…margolaritzaz eta eskulturaz gain, eskualdeko xoko eta paisaiez gozatzeko aukera eskaintzen digu ekimen artistiko honek.
Baztan-Bidasoa ezagutzeko bertze aukera da.
Jose Mari Apezetxea
Bidasoako Margolarien sortzailea, Jose Mari Apezetxea Euskal Herrian margotzen jarraitzen duen artista garaikide beteranoena da, ikurren artean ikur.
Erratzun sortu zen, 1927. urtean, eta oraindik margotzen segitzen du. Haren lanak errelitatea du oinarri, baina lizentzia hartuta abstrakziora eramaten du begiekin ikusitakoa eta bihotzarekin sentitutakoa.
Bodegoi eta erretrato gutxi batzuk margotu baditu ere, paisaia da Apezetxearen koadroetan agertzen dena: Baztango paisaia.
Ibilbide luzeko gizona eta artista, maisuen artean, maisu da Apezetxea.
Aurten ere bere lana ikusgai jarriko du, bere etxean, bere estudioan, uztailaren 28tik abuztuaren 27ra Erratzuko Zubietea etxean.
Ikusi “Artearen Ibilbidea”: http://www.baztan.eus/files/2017/07/artearen_ibilbidea_2017.pdf
Jose Mª Apezetxea: http://www.eitb.eus/es/cultura/arte/videos/detalle/3126176/video-la-exposicion-artea-oinez-rinde-homenaje-apezetxea/