Inauteriak, sustraitutako tradizioak
Debekuak debeku, inauteriak gaur egun arte iraun duen besta izan da. Baztan-Bidasoa eskualdean ezagunak dira Ituren eta Zubietako inauteriak, non joaldunak joan etorrian aritzen dira joareak astintzen, segizioaren buru “Artza” dutelarik. “Artza” bada ere Arizkungo pertsonaia nagusia. Erratzun “Damak” ateratzen dira bonboa jotzen. Beran “Iñudeak eta Artzaiak” dantzan aritzen dira eta Lesakan “Mairuak eta Zakozarrak” borrokan eta elkarri zirika aritzen dira.
Baztan-Bidasoan baina, inauteriekin lotuta, badira motorrak berotzera gonbidatzen duten beste jai batzuk ere: Orakunde, Gizakunde eta Emakunde dira.
Gizakunde eta Emakunde
“Gizakunde” gizonen festa zen. Antzina, garizuma aurreko hirugarren ortzegunean ospatzen zen. Hurrengo ortzegunean, “Emakunde” ospatzen zen, emaztekien besta. Denbora pasa ahala bi besta hauek desagertu ziren, baina duela urte batzuk, “Jo ala jo” Kultur taldearen lanari esker, inaute giroko besta hauek berreskuratu egin dira.
Garaiak aldatuz doazen bezalaxe, bestak ere aldatu dira eta gaur egun “Gizakunde” ospatzen da soilik, bertan baina, emakume zein gizonek parte hartzen dute.
Arizkunen eta Erratzun ospatzen da besta eta egun guztia irauten du. Ilunabarrean “Jantzilo” zanpanzarra erretzen dute. Garrek gauza txar guztiak suntsitu eta ziklo berriari ateak zabaltzen dizkiete.
“Orakunde”, “Ortzegun gizen”, “Arraultze-arraultze” eta “Urtzain gizen”
Inaute aurreko azken ortzegunean, haurrek hartzen dute lekukoa eta “Orakunde” ospatzen da. Besta honek izen ezberdinak ditu eskualdeko herri ezberdinetan. Hala Baztanen “Orakunde” edo “Ortzegun gizen” izenarekin ezagutzen den bezala, Etxalarren “Urtzain-Gizen” da eta Lesakan “Arraultze-arraultze”.
Haurrak protagonista, goizean herrian barna ibiltzen dira kalejiran. Ondotik jokoak egiten dituzte eta eguerdian etxetik kanpo bazkaltzen dute. Bazkalondoan, zenbait tokitan “oilar jokoa” egiten da eta ondotik merendua eta dantzaldia.