Baztan-Bidasoko 10 ur-jauzi freskagarrienak

Errekamari da nire izena…

…txuri eta orlegi maite ditut. Horrela dio lamien ipuinaren kantak. Gaurkoan, Baztan-Bidasoako ur-jauzi eta putzu freskagarrienetatik paseo bat egitea proposatzen dizugu, lamien paradisuan barna paseoa.

Gure elkartean, Baztan-Bidasoa Turismo Elkartean, “auzolanean” lan egiten dugu, eta  gaurko proposamena, elkarteko kideei esker egin ahal izan dugun aukeraketa bat besterik ez da. Zuri, gure bazterrak ezagutzeko aukera emateko prioposamen freskagarria. Baina, erran bezala, lagin bat besterik ez da.

Ur jauziz-jauzi

Egia da eskualdeko ur-jauzirik ezagunena Erratzuko Xorroxin ur-jauzia dela, Bidasoa ibaiaren iturburua. Ez da baina, eskualdean dugun ur-jauzi bakarra. Xorroxinen ez ezik, bertze putzu askotan ere bizi ziren lamiak.

Lamiak, euskal mitologiako izakiak dira. Erdi emakume, erdi animalia. Lamiaren gorputzaren goiko aldea emakume eder batena da, eta beheko gorputz-adarrak oilo, ahate edo ahuntz batenak bezalakoak izan daitezke.

Kontatzen dutenez, Baztan-Bidasoko lamiak erreka bazterretan agertzen ziren, eta han igarotzen zuten denbora, urrezko ile luzeak orrazten.

Gure basoetan barrena, ur gardeneko erreka, presa eta putzu natural ugari aurkituko ditugu, udako egun beroetan itzalean egoteko edo uretan freskatzeko. Eta auskalo lamiaren bat agertuko ote  zaigun!

Cascada cerca de la Peñas de Itsusi (Baztan). Foto cedida por Casa Rural Istarbey
Ur-jauzia Itsusiko Haitzen inguruan. Baztan (Argazkia: Istarbey landetxea)

Baztanen, berriki egokitu den ibilbidea Oñaskako ur-jauzikoa da, triangelu horiz markatuta, Elizondo eta Elbete artean dago ibilbide hau. Bertan, Oñaskako purrustaz  gain, karobi baten aztarnak  eta Bagordiko barita meategiak ere ikus daitezke. Komeni da zuhur jokatzea meategietan sartzerakoan, eta sartu nahi izanez gero, aurrez-aurreko argia edo frontala eramatea gomendatzen da. Abentura bermatuta dago!

Bagordi, mina de Barita
Meategira sartzen

 

Oñaskako ur-jauzia. Eguraldi ederra egiten duenean ia ez du urik botatzen, baina euritsu dagoenean bete egiten da   (Ikusi 👉 bideoa. Argazkia eta Bideoa: Elbeteko Posada).

 

Ibilbidea triangelu horiekin markatuta dago eta zenbait tokitan GR11rekin bat egiten du.

Baztandik Melerrekara  jauzi eginda, Ezkurrara iritsiko gara Bertan bi xoko bisitatuko ditugu: “Ezkurrako ur-jauzi aundia” eta “Basakitzeko putzua”. Bi toki zoragarri, ura nola igarotzen den ikusten geratzeko aproposak.

 

Basakaitz (Ezkurra)
Basakaitz (Argazkia: Ezkurra Hotela)

 

Ezkurrako ur jauzia
“Ezkurrako ur jauzi aundia”

Malerrekatik atera gabe, Beintza-Labaienen, Sarasolako ur-jauzia aurkituko dugu. Bitxia da, izan ere, ur-jauzitik 100 metrora ura lur azpian desagertzen da.

 

Cascada de Sarasola
Sarasolako ur-jauzia. Beintza-Labaien (Argazkia: Orbela Aterpea)

 

Malerrekatik atera gabe, Donamarian, Udalak markatutako ibilbideari jarraituz, Donamariko ur-jauzira iritsiko gara. Marka urdinek gidatuko gaituzte.

 

Donamariko ur jauzia
Donamariko ur-jauzia

 

Donamariako ur-jauzia
Donamariko ur-jauziko bideko markak

Ibaiak, errekak eta putzuak izan dira urteetan zehar eskualdeko bizilagunen bainu eta aisialdirako lekuak, udal igerilekuak nahiko instalazio berriak baitira. Iaz, COVID ’19 eta igerileku asko itxita zeudenez, gure ibaiek bizia hartu zuten berriro. Ba al zenekien garai batean Doneztebeko errekan gizonentzat eta emakumezkoentzat bainu-gune ezberdinak dituztela?

Bitxikeriak alde batera utzita, eta ur-jauzien ibilbideari jarraituz, Sunbillaraino iritsiko gara, han baitago Bisusta ur-jauzia, babestutako tokia da, tokiko fauna eta flora direla eta.

Babestutako leku hauetan, ingurumenarekiko errespetua zorroztea eskatzen da, fauna eta flora ez aldatzea, isiltasunari eustea eta markatutako bideetatik harago ez ikertzea, habitataren aldaketak eta beharrezkoak ez diren arriskuak saihesteko.

 

Bisustako ur-jauzia. Sunbilla. (Argazkia: Gure Lur apartamentua)

 

Sunbillatik, Bortzirietako Etxalarreraino hurbilduko gara, bertako basoetan sartzeko, usategien itzalean galtzeko eta bidera aterako zaizkigun putzuak eta ur-jauziak ezagutzeko. Horien artean, Arbiko zubia eta ur-jauzia, Karmen Etxalarkoak hamaika aldiz ikusi izanen zituenak. Ur-jauziaren parean, Arbiko zubia dago. Bitxikeria gisara erran daiteke zubi hau Baztango bidean kokatuta dagoela. Garai batean bailarako bide nagusia zen Baztangoa, hortaz, uholde batzuen ondotik zubia suntsituta geratu ondotik,  1804. urtean zubia berritu zuten, bailarako bide nagusiari eusteko.

Arbiko zubia eta ur-jauzia. Etxalar. (Argazkiak: Gainkoborda landetxea)

Etxalarko putzua

Puente de Arbia

Etxalarko putzua

 

Etxalartik, Bidasoaren ibilgua jarraituz, Berara iritsiko gara. Bide Berdearen ertzean, izokinen jauzi baten ondoan, “Disko Iturria” dago.

Fuente del Disco
“Disko Iturria”. Bera. (Argazkia: Iratxeko-berea landetxea)

Eta Arantzan amaituko dugu gure ibilbide freskagarria, Putzubeltz-eko ur-jauzietara ibilbide eginez.

Putzubeltzeko ur-jauzia. Arantza (Argazkia: Arantzako Aterpe)

Arantzan bertan geratuko gara bazkaltzen, hilabete honetako errezeta Burlada Jatetxeak eskaintzen digulako: Trigeroak plantxan, xitake eta arrautza eskalfatuarekin😋😋 !!