Zugarramurdi, magiaz beteriko herria

Mesa panorámica de Zugarramurdi

Sorginkeriaz, historiaz eta kondairaz zipristindutako helmuga da Zugarramurdi

Urtetik urtera milaka bisitari hartzen ditu Zugarramurdiko herriak. Sorginkeria istorioak eta kondairak erakarrita, gertuko eta urruneko jendea hurbiltzen da Xaretako herria ezagutzera. Uda sasoirik jendetsuena bada ere, urtaro guziek badute beren xarma, eta zer erranik ez udazkena!

Urria, bere egun eguzkitsu eta tenperatura atseginekin, arras hilabete polita da Xareta ezagutzeko. Bada sagar eta gaztain erre usaina, onddo eta usoena,.. Pagoak eta haritzak kolore bizienekin janzten dira eta Naturaz profitatzerat etortzen den bisitarien joan-etorria mantentzen da, batez ere, jai egunetan. Adibidez, Pilarreko Egunean, lezerat 1.300 bisitari sartu ziren eta 412 Sorginen Museorat. Erdia baina gehiago Euskal Herrikoak ziren, bizkaitarrak batez ere (%28a).

Bazatoz?

Omisainduen zubirako, bai Soginen Museoak eta bai Lezeak, ordutegi bereziak eskeiniko diztute:

  • Orduaren aldakataren ondotik, Lezea 17:30etan hetsiko da, goiz ilunduko baitu
  • Hazilaren 1ean eta 2an, ortzirala eta larunbanta, Lezea 11:00etatik 17:30ak arte irekiko da (azken hau ixteko tenorea) eta Sorginen Museoa, 11:00etatik 19:30ak arte (ixteko tenorea).

Azaroa eta Memoria Historikoa

Logroñon gogotauko ditu Zugarramurdik 1610. urtean bertan auziperatutako herriko bizilagunak   

Hazilan, begirada Logroñorat zuzenduko da eta hor ere, Zugarramurdik protagonismo handia hartuko du. Hain zuzen ere, orain duela 409 urte Errioxako hiriburuan ospatu zen Fede Autoan 31 herritar sorgin izateaz epaituak izan ziren eta horietatik 11 erreak izan ziren. Gertakari tragiko hauen oroimenez, ekimen anitz leku ezberdinetan ospatuko dira hilabete honetan.

Adibidez, Errioxako Liburutegia “1610eko Fede Autoa, Zugarramurdiko sorginen erretzeko prozesua” erakusketaren egoitza izanen da. Eraikin honetan ere, hazilaren 7an, hitzaldien sorta bat izanen da. Toti Martinez de Lezeak (“La bruja”) eta Mikel Azurmendik (“Las brujas de Zugarramurdi”), bertze historialari ezagunen artean, parte hartuko dute. Hurrengo egunean, hazilaren 8an, La Merced Kulturagunerat aldatuko da saioa; Marcelino Izquierdok “La peste negra” hitzaldia eskeiniko du, ondotik, Federico Soldevilla 1610eko Fede Autoari buruz solastatuko da. Tokia bete arte, sarrera dohanik izanen da.

Errioxako liburutegia egoitzarik egokiena izanen da Evidencia Médica argitaletxearen sorginen gaineko bi liburu aurkezteko. Alde batetik, hazilaren 15ean, ortzirala, Javier Álvarez Caperochipi mediku nafartarrak “Brujas, historia natural: alucinógenos, afrodisíacos y venenos” berak idatzitako liburua aurkeztuko du. Bertze aldetik, Iñaki Uztarrozek oroimen hilabete honi “El brujo de Bargota” liburuaren aurkezpenarekin bukaera ederra emanen dio, hazilaren 28an.

Udazkeneko balantzea

Irailaren azken asteburuan, Nafarroako bertze 35 museo txiki, bilduma museografiko iraunkor eta erakusketa publikoaren guneekin batera, Zugarramurdik ere Ondarezain-aren ekimenarekin bat egin zuen Ondarearen Europako Jardunaldiak ospatzeko. “Aisialdia eta artea” lelopean, Nafarroako Gobernuko Kultur Zuzendaritza Orokorrak bultzatu du. Zugarramurdiko egitaraua txotxongiloz beteta zen. Herri ttiki hau, sorginez gain, panpin bizidun hauei esker ere ezaguna baita, Euskal Herrian izan den txontxongilo-antzoki iraunkorraren egoitza bakarra izan baitzen. Bertze aldetik, bi urtetik behin eta hamar urtez, EHko Titiriteroen Topaketa auzolanean antolatzen zen.

Bertzalde, urriko lehen asteburuan, Korrontziren “Nafar Loreak” antzestu zen Zugarramurdiko lezeetan. Kolorez eta sorpresaz betetako ikuskizunak  ordu eta erdi iraun zuen eta publikoak zutik bukatu zuen, azken suzirietan dantzarien desfilean nahasita. Lezerat etortzeko gogoarekin gelditu direnendako, Euskal Telebistak “Nafar Loreak” Urte Berrian emanen du.