Zorionak Kortariko Gasna!

Lekarozko Infernuko eta Kortariko Gasna gasnategiak Uharte Arakilgo lehiaketa irabazi du

Titulua bosgarren urtez berretsi du

Abuztu amaieran ospatu ohi da Uharte Arakilen “Artzai Eguna”. Euskal artzainari eskainitako jardunaldia da, eta, ekitaldi nagusienen artean: Ardi Txakur Txapelketa eta Nafarroako Latxa Ardiaren Esne Gordinez Egindako Gasna lehiaketa.

Txapela, bosgarren urtez, Lekarozen geratu da: Infernuko eta Kortariko Gasna gasnategiak irabazi du, eta 2018an, 2019an, 2022an eta 2023an egin bezala, aurten ere Julen Arburuak jantzi du txapela.

4.800 euro gazta irabazlearengatik

Iruñeko Baserriberri jatetxeak erosi du gasna irabazlearen erdia, eta orain arteko prezioen marka gaindituta, 4.800 euro ordaindu ditu.

Infernuko eta Kortariko gasna

Baztango Bailarako Orabidea auzoan dago “Kortariko gasna” gasnategia. Baserriko larretan behiak eta ardiak nagusi, hortaz, betidanik izan dute Kortariko bordan behi eta ardi gasna egiteko ohitura.

Belaunaldiz-belaunaldi tradizioa bizirik mantendu dute, eta, egun, Idiazabal izendapena duen gasna honek, domina ugari jaso ditu.

Palmaresa

Uharte Arakileko gasna lehieketan txapeldun: 2018, 2019, 2022, 2023 eta 2024.

Ordiziako azokan, Urrezko Domina irabazi zuen 2019. urtean, eta 2020an 3. saria lortu zuen.

Madrileko Gourmet azokan, Espainiako gasnarik onena izendatu zuten Kortariko “Infernuko gasna” 2018an.

Euskal Herriko txapelketan bigarrena geratu zen 2021ean.

2020an, Londresen Londreseko Great Taste Awars 2020 sarietan jaki eta edarien arloko munduko sariketa nagusian, aitortza jaso zuen bigarren urtez jarraian.

Infernuko eta Kortariko Gasna gasnategian nola lan egiten duten bertatik bertara ezagutu nahi baduzu, gasnategian bisita gidatua egin dezakezu. Bertan, gazta nola egiten duten ikusteaz gain, ardi txakurren lana ere ikusi ahalko duzu.