“Infernuko errota”

Basoaren erdian, zuhaitz eta laino artean izkutatuta, bi mendi magalen artean amilduta, ia zintzilik dago Infernuko Errota. Izen berbera duen errekaren urek mugitu dituzte urteak joan, urteak etorri, kontrabando eta guda istorioen lekuko izandako errota honen harriak.  

Etxalar eta Baztan arteko mugan kokatuta, Infernuko Errota izan omen zen guda garaian gari aleak xehatzen jarraitu zuen eskualdeko errota bakarra, karabineroek ez zuten aurkitu eta. 

“Infernuko Errota” bisitatzea, kondairaz eta lamiaz betetako bidaia egitea da. 

Bertara iristeko, basoan murgildu beharko dugu eta erreka bazterretik, uraren ibilgua jarraituz, oinez, 20 minutuko ibilbidea eginez,errotara iritsiko gara. Joan-etorriko bidea da, erraza, haurrekin egiteko modukoa eta zailtasunik gabekoa pertsona helduendako. 

Nola Iritsi:

*Etxalarretik: Orabideko errepidea/NA-4453 errepidea hartuta.

*Oronoz-Mugairitik: Elizondoko norantzan, N-121-B errepidean dagoen bidegurutzean, Orabidera doan bidea hartuta

*Elbetetik: herriko plazan Bagordirako bidea hartu eta handik, Beltzuriko lepoa pasatuta, bidegurutzean eskuin eta Orabideko bidea hartuta.

*Otsondotik: N-121-B errepidetik Otsondoko gainera eta han Eskisaroi-Orabidea pista hartuta.

Orabideko pistan 16,600 p.k edo edo 14,900 p.k- raino heldu gaitezke kotxez. Ondoren Infernuko Errotara iristeko oinezko bi ibilbide leudeke: 

-Etxebertzeko Borda jatetxetik abiatuta (NA-4453 errepideko 16,600 p.k.). Jatetxean gaudela, oinez joan beharko dugu Infernuko Errotara, jatetxearen gibeleko aldean dagoen bidezidorra hartuta. 

-Irigoiengo Bordako bidegurutzetik abiatuta (NA-4453 errepideko 14,900 p.k.: bertan SL-NA 13 Infernuko Errota)

Oharra!

Infernuko Errota Argarate familiarena da, eta berea baita  Etxebertzeko Borda jatetxea(*) ere. 2000. urtean, errota erortzear zegoela, erosi eta eraberritu zuten. Egun, irekia uzten dute bisitarien gozamenerako.

Magiaz beteriko toki berezi hau,  “Ura eta begiratokiak. Nafarroako Paisaien Ibilbideak” ekimenean sailkatutako 35 tokietako bat da.  

(*) jatetxeen atalean Etxebertzeko Borda jatetxearen informazio gehiago.

www.etxebertzekoborda.com/ 948 580 400

Etxebertzeko Borda,  Orabidea auzoa, 31795 Lekaroz, Nafarroa