Ohitura batzuk, aldapan gora izan arren, mantendu egiten dira, Trinitate Eguneko Mendaurrerako erromeriaren kasua da.
Aurten igandean izango da, ekainaren 4an.
Malerreka, Bortziriak eta Baztango bizilagunak Mendaurrera igoko dira Trinitate Eguna ospatzeko. Igoera hainbat lekutiki egin daiteke: Doneztebe, Sunbilla, Arantza, Aurtiz (Ituren)… eta helmuga berbera da guztientzat: Mendaurreko baseliza (1.136 m).
Ausartentzako ibilbidea
Duela gutxi, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Mendi Federazioarekin lankidetzan, Doneztebe – Bostorratz – Bustitza – Mendaur – Mendaurreko urtegiak – Aurtiz – Uraren ibilbidea – Doneztebe ibilbide zirkularra balizatu dute.
Kontsulta ezazu HEMEN IBILBIDEA
Mendia, aisia eta tradizioa
Badira egun-pasa joaten direnak, baselizan meza entzutera, eta Mendaurreko urtegietan bazkaltzera: lagunekin, familiarekin…Beste batzuk, aldiz, nahiago izaten dute goizeko plana egin. Ez dago ordutegi edo egitarau zehatzik, ohitura errotua eta giro ona besterik ez.
Kondaira ala egia?
Esaten dutenez, ezkongaia bilatzen duenak baselizari hiru buelta eman behar dizkio, eta, ondoren, harri bat bota behar du teilatura. Ez dakigu funtzionatzen duen ala ez, baina kontuz harria jaurtitzean, ez dezala inor kolpatu!