LAN GAUA, “kontrabandisten” ibilaldi gidatua
Abenduaren 14an da hitzordua
2019ko Lan Gaua prest du Baztan-Bidasoa Turismoa Elkarteak. Hasiera batean azaroaren 9an egitekoa zen ibilaldia, eguraldi txarra medio, gibeleratu behar izan zen. Abenduan, ilargi betearekin bat eginez, abenduaren 14an eginen da Lan Gaua.
Aurtengoan Elizondon (Baztanen) eginen dugu ibilaldia ilargiaren argipean eta lehendabiziko aldiz, kontrabandoan ibilitako emakume baten testigantzak eta pasadizoak jasoko ditugu. Urruska etxeko Joxepi Miurak berak bizitutako anekdotak kontatuko dizkigu.
IBILBIDEA: Beartzun –Koartela–Arlegi – Urruska Etxea – Berderiz – Belaun – Beartzun
DISTANTZIA: 10,750 km / DENBORA: 3h. 15´ / DESNIBELA: 520 m.
“Lan gaua” Baztan-Bidasoan
Garai zailak izan ziren guda ondorengoak. Familiak ugariak ziren eta jateko gutxi zegoen. Eskazia handia zen eta zerbait egin behar zen seme-alaba guztiak aitzinet atera ahal izateko.
Baztan-Bidasoko familia aunitzentzat “Gau lana” bizi-irauteko “laguntza” ekonomiko handia izan zen. Egunez baserrian, aziendarekin,… lan egiten zuten eta gauez, mendira joaten ziren, debekatutako produktuez kargatutako zaku-zaharrak soinean hartuta, mugaz bertze aldera errodamenduak, puntillak, likoreak, tabakoa, kafea,…pasatzeko.
Urruskan familia osoa ibili zen kontrabandoan eta pasadizo ugari dituzte kontatzeko, etxean sartu zen txerriaren pasadizoa kasu:
“Guk ez genituen mugak asmatu, baina bertan daudenez gero, aprobetxatu behar ditugu” erran zuen behin euskal politiko ezagun batek. Eta hala egin omen dute Urruskan aspalditik, Joxepi Miura etxeko andrearen aita eta anaia kontrabandoan aritu ziren; eta baita Joxepi bera ere, Alduden erositako kafea (gehienetan “Biec” markakoa) 15 kgko paketetan prestatu, Berderiztik Elizondoraino bizkarrean eraman 10 km gauez mendian barna, eta gero etxera itzuli beharra!! Batzuetan bildurra, bertzetan karabineroak engainatzeko trikimailuak… behin Joxepik Aldudetik baimenik gabe txerri bat zekarren etxera eta bidean karabinero bat agertu zitzaion. Txerria nongoa zen galdetu eta Joxepik etxekoa zela erantzun. “Ya veremos si conoce el camino de casa” (“Ikusiko dugu etxeko bidea ezagutzen duen”) erran zion karabineroak; Joxepik etxeko ateka zabaltzeko aitzakiarekin aurreratu eta bidean arto pikor batzu bota zituen. Txerria zuzen zuzen sartu zen etxean!!
Ikusi HEMEN 7. edizio honetako informazio guztia (oharra, dokumentuan azaroak 9 jartzen badu ere, “Lan Gaua” abenduaren 14an izanen da)
Lan Gaua: abenduak 14
Izen emate epea: abenduaren 12ra arte
Telefonoz: 948 59 23 23/ 608 544 800 (goizez: 9:00etatik 13:00etara)
E-mailez: info@baztan-bidasoa.com