Korrika 2024

«Harro Herri», Baztan-Bidasoa Turismoak bat egin du KORRIKA 2024rekin

Ostiralean, martxoaren 15ean, zure zain egongo gara Artesiagako mendatean (Baztan), Korrikaren 259. kilometroan. Hitzordua 16:46etan da.

Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak bat egiten du Korrikarekin. Bat egiten du gure hizkuntzaren, kulturaren eta izateko modua bultzatzen duen lasterketarekin. HERRI gisa HARRO gaudelako “euskaldun” izateaz, euskaraz ospatzeaz, lan egiteaz eta bizitzeaz.

Kontsultatu hemen ibilbide osoa

KORRIKAren mezua

Harro herri, euskaraz jakin zein ez, har dezagun
dimentsio orotan eragiteko konpromisoa, herria batuta.
Harrotasunez! Konplexuak gainetik kendu,
mugi dezagun euskararen herria, ingurua mugiarazi arte.

Harro hadi Kantauri itsasoa,
Arabako mahats, Bardeako buztin.
Harro zite Pirinioetako elur, Meatzaldeko burdina.
Elkarrekin nahi ditugu pausoak egin,
espazio berriak irabazi eta, hitzez zein ekintzez,
aldarri egin.

Gauden harro garenaz, eta egiten dugunaz.
Bete ditzagun etxe eta kaleak euskaraz.
Harro plazan, online zein kanpoko bizitzan.
Harro herri, eta harro KORRIKAn!