KEINUA KONTRABANDOARI

“LAN GAUA 2017”

Gau txarra egiten zuen, euria, hotza,…arras txarra mendi martxa bat egiteko, aproposa baina kontrabandoan aritzeko. Ez zen giro ez, baina horri esker Guardia Zibila ez zen seguruenik gau lanean aritzen zirenen bidera aterako eta kontrabandistek lasai igaro ahalko zituzten paketeak mugaren alde batetik bertzera.

Eta horrelaxe, giro horretan burutu zen apirilaren 1ean, Hondarribian, 2017ko “Gau Lana” martxa. Bidasoako Kontrabandistek (KB) 5. urtez antolatutako ibilaldia. Ehun bat pertsona elkartu ziren 8 kilometroko bidea egiteko. Bidean, bertatik bertara ezagutu zituzten bere garaian kontrabandoan aritu behar izan zutenen testigantzak. Miguelen bizipenak kasu. Miguelek Txingudiko gabarretan egiten zuen lan, badiako ertze batetik bertzera legarra garraiatuz. 7 seme-alaben aita izanik, legarrean izkutatuta zerbait gehiago ere garraiatzen zuen maiz.

Miguelek, Rosak, Xantik,…gau lanaren beharra izan zuten. Egun, urte askoan ixildutako istorioak kontatu dizkigute. Esker mila!

 

Heldu den urtean 6. edizioa antolatuko du Bidasoako Kontrabandistak taldeak. Gu irrikitan gaude!

www.kontrabandistak.com