Baztan-Bidasoan 208 kilometro daude GR ibilbideen barrena egiteko Seinaliztatuta dauden 208 kilometro dira
Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoa Nafarroako Mendi Federazioarekin elkarlanean arduratzen da eskualdeko bideen mantenimenduaz. Boluntario sarea osatu zuten 2016ean lan horretarako, eta aurten sarea handitu egin da 5 boluntario gehiagorekin. Beraiek bermatuko dute eskualdeko GR ibilbideak egoera onean egotea.
Aurten bigarrenez, boluntario kanpaina egin du Baztan-Bidasoa Elkargoak eta udaberrian formazio ikastaroa jaso dute parte hartzaileek Elkargoaren egoitzan, Bertizen.
Bertan, Nafarroako Mendi Federazioko adituek hainbat azalpen eman dizkiete: bideen homologazioari buruz, noiz galdu dezakeen bide batek kategoria, marken garrantzia, nola margotu,…
Baztan-Bidasoa Elkargoaren egoitzan izanen dute boluntarioek euren “kanpalekua”, materiala jasotzeko tokia..
Bikoteka lan eginen dute eta bikote bakoitzak 10 bat kilometro ongi mantentzeko ardura hartuko du bere gain.
Hortaz, mendian itzulia egitera joaten zarenean, estakak, piketeak, pintzelak eta margoa eskutan ikusten badituzu…eskaini iezaiezu txorizo pixka bat, ardo urrup bat edo irribarre txiki bat, estimatuko dute eta.
info@baztan-bidasoa / tfnoa: 948 592 323