Etxalarko tradizioa ezagutuz

Palomeras, Etxalar, Visitas guiadas, Bien de Interés Cultural

Etxalarko usategiak

Urriaren 1ean hasi da sare bidezko uso harrapaketa tradizionalaren denboraldia Etxalarko Usategietan

Etxalarko Usategietan, 600 urte baino gehiago dituen sarezko uso harrapaketaren tradizioa bizirik ikusteko aukera dago. Sistema berezi honek, ez du inolako arma beharrik usoak harrapatzeko eta talde lanean burutzen da, makilekin (paletekin) usoei altuera jeitsiz, zatarrekin hauek izutuz eta sareen azpian bizirik harrapatuz.

Urrian eta azaroan, bisita gidatuak egiten dituzte eta horretaz aparte, urriaren 20an, Usategietako Eguna ospatuko dute herrian. Usategietara sartzea eta sare bidezko harrapaketa ikusteko aukera izanen du edonork eta arratsaldean, dantzaldia eginen dute herriko plazan.

Etxalarrera joanez gero, eguna borobiltzeko gure gomendioa Herriko Osatatuan otordu egitea da. Baztan-Bidasoko XXVII. Ehiza Jardunaldi Gastronomikoetako menua dastatzea eta gozatzea.

Usategiak eta sare bidezko uso harrapeketa ikusteko bisita gidatuak Etxalarren

Bisita gidatuak

Aurten, bisitak urriaren 5ean larunbatarekin hasiko dira eta azaroaren 20 bitarteko larunbat, igande eta besta egunetan eginen dira, goizeko 11:00etan hasita.

Sareak aldiz, egunero jartzen dira, beti ere eguraldiaren arabera.

Tradizio hau ezagutzeko, bakoitza bere kabuz sareetara hurbiltzeko aukera dagoen arren, bisita gidatua aukeratzen dutenek, ehiza eremu mugatuan sartzeko aukera izanen dute, sistemaren xehetasun guztiak ezagutzen dituzten bitartean eta usoak etorriko balira, prozesu guztia bertatik bertara ikusiko lukete, (eguraldia eta zortearen arabera).

Bisitaren iraupena, ordu bat eta erdi ingurukoa da eta prezioa berriz, 5€koa da pertsonako eta 10 pertsona baino gehiagoko taldeentzat eta haurrentzat (6-12 urte), 4€ bakoitzak. Bisitaz gain, ikusentzunezko bat ikusteko eta sareetako behatokira sartzeko aukera ere badago, bertatik, usoa datorrenean, sareetan nola sartzen diren hobeki ikusten baita.

 

Erreserbak: 690 26 77 56 telefonora deituta edo usategiak@etxalar.eus helbidera idatziz.