ERRAIDAZU NOLA IBILTZEN ZAREN…

Cascada de Xorroxin

…eta nik erranen dizut ze motako turista zaren

Azken aldi honetan Baztan-Bidasoan izan bazara, konturatuko zinen Xorroxingo ur-jauzia nahitaezko bisitagune bilakatu dela

Cascada de Xorroxin

Turista eta bisitarien kopurua hain da handia, Baztango Udalak eta Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuak  neurriak hartu behar izan dituztela. Gorostapoloko auzoan kotxeak gora eta behera, karrika estuak kotxez gainezka eta egunerokoari eutsi ezinean bizilagunak. Hartara uda honetan, ibilbide alternatiboa proposatu dute Xorroxingo ur-jauzira iristeko.

Denak gara turista eta denoi gustatzen zaigu toki ezberdinak ezagutzea, baina aunitzetan, nahiz eta etxetik atera oinezko ibilbide bat egiteko asmoz, kotxez ahalik eta gehien hurbildu nahi dugu gure helmugara.

Erratzun markatutako bide berriari esker, neurri handi batean Gorostapoloko autoen arazoari konponbidea ematea lortu da. Bisitariek orain Erratzuko herritik bertatik ekiten diote bideari.

Neurriak hartu behar izan dituzte Xorroxinen, eta neurriak hartu ditu foru gobernuak Urederreko iturburuan eta Allozeko urtegian ere.

Edertasuna: lagun eta arerio aldi berean

Nafarroako Gobernuko Turismo Marketineko Zerbitzuak Xorroxingo ur-jauziko, Urederra ibaiaren iturburuko eta Allozko urtegiko bisitariak nondik datozen eta haien bidaiaren arrazoia ezagutzeko asmoz ikerketa abiatu du. Helburua, bisitariaren profila, bidaiari mota, baita turismo-gasturako dituen ohiturak eta erabiltzen dituen alojamendu modalitateak ere ezagutzea. Ikerketa hau, behin betiko onartzeko dagoen Turismoko Plan Estrategiko berriari jarraikiz eginen da.

Turismo Departamentuko prentsa oharra: NP Nafarroako Turismoak bisitarien kopurua eta profila