“Cométe” sarea Baztan-Bidasoko mendietan barrena

Ibilaldia Comète sareak Baztanen zituen bideetan barrena

Iraileko lehen asteburuan, Comète sarean parte hartu zuten pertsonen lagun eta senideak berriro bilduko dira, haien lana eta askatasunarekiko konpromisoa ohoratzeko eta bizirik mantentzeko.

Igandean, irailak 8, Lauzetatik Amaiurrera joanen dira, Amaiur eta Erratzuko Kanttorrenekomendia, Mortalenborda eta Jaurikobordako baserritarrei omenaldi berezia egiteko. Hain zuzen ere, Xan Mihurak Amaiurko Kanttorrenekomendia, edo Erratzuko Mortalenborda baserriraino egiten zuen ibilbidea jarraituko dute.

Ibilbide honen amaieran, 13:15ean Amaiurko plazan, Kanttorrenekomendia, Mortalenborda eta Jaurikoborda baserrien ondorengoei omenaldia egingo zaie. Azkenik, bazkaria izango da Benta Peion.

Aurretik, irailaren 6an eta 7an, Les Amies de Réseau Comète elkarteak hainbat ekitaldi egingo ditu Ipar Euskal Herrian.

Historia

Arnold Dedée eta Dédée De Jongh belgikarrek sortu zuten Comète Sarea, 1941ean. Erakunde honen helburua, hegazkinlari aliatuen erreskatea zen: haien hegazkinak sarritan lurreratuak izaten baiziren Holandan, Belgian edo Frantzian barrena,  Alemaniaren eta Europa okupatuaren helburu estrategikoen aurkako bonbardaketa-erasoaldietan. “Comète” sareak hiru urtez erreskatatu zituen iheslariak, Espainia frankista zeharkatuz Gibraltarrera eramateko; handik Britainia Handira eramaten zituzten.

Hasierako garaietan, Bidasoa ibaia gurutzatuz igarotzen zuten muga, Endarlatsa parean. Florentino Goikoetxeak zuzentzen zuen, eta beste gidari batzuek ere parte hartu zuten zenbait unetan. Salaketa baten ondoren, Dedée De Jongh eta bere kideak 1943ko urtarrilaren 15ean atxilotu zituzten Urruñako Bidegain Berri baserrian, ekintza bat prestatzen ari zirela. Britainiar zerbitzuek Jean François Nothombi, “Francori”, Bidasoakoaren ordezko bide bat bilatzeko eskatu zioten. Era berean, “Francok” Angeluko Sutar auzoan bizi zen Pierre Elhorga borrokalari ohi eta gerrako zaurituari beste bide batzuk bilatzeko eskatu zion.

Horrela, Elhorgak ibilbide berri bat antolatu zuen: Ustaritz-Larressore-Espelette ibilbidea. Baina ibilbide hori laster asetuko zen, eta Elhorga Juanito Bidegainekin harremanetan jarriko da: Berako errefuxiatua, Bassussarryko Seme Enea baserrian lan egiten zuena, eta gidari gisa esperientzia zuena. Bidegainek ibilbide berri bat ezarri zuen 1943ko abendutik aurrera: Bassussarry-Souraïde. Bidegainek Bassussarrytik Mendigaraya baserrira eramaten zituen iheslariak, eta bertan Etxeveste familiak hartzen zituen. Mugarako bidea jarraitzeko, Michel Etchevestek Jose Mari anaiaren eta Joseph-Marie aitaren laguntza zuen, Ainhoako mendietatik alemanen mugimenduak zaintzen zituen aitak.

Mugan

Ainhoa inguratu eta harrobi baten ondotik igaro ondoren, iheslariak Lapitxuri errekara iristen ziren. Erreka hori muga da, eta arrisku handikoa izan arren, ur emari eta zabalera eskasak lagun, erraz zeharkatzen zuten. Beste aldean, Mikelen Borda zegoen. Garai hartan, benta xumea zen, denetarik saltzen zen, eta bertatik Alemaniako eta Espainiako jagoleen oihuak eta elkarrizketak entzun zitezkeen. Benta hau Mujika familiarena zen. Geroago, Michel Etchevestek Bidegainen agindua jasoko du: Apetxen-Bordatik igarotzeko. Bergara familiaren mugako lerroan dagoen baserria da. Familia horrek Quito Borda baserriaren jabea ere bazen, Espainiako aldetik 500 metrora, eta bertatik pasatzen ziren hegazkinlariak. Handik, ziurrenik, Zugarramurdi, Etxalar edo Urdaxera joango ziren

Histórico: