Bizikletaz, Bidasoko ibaiaren bazterretik

En bicicleta por la Vía Verde del Bidasoa

Bizikletaz paisaiaz gozatuz

Bizikletak udarako direla dio erranairuak eta guk ez dugu hori zalantzan jarriko.

Hortaz gaurkoan, Bidasoko Bide Berdean barna bizikletaz egiteko gonbitea luzatu nahi dizuegu, antzina “Tren txikito” igarotzen zen trenbide zaharretik.

Behobia eta Oieregi arteko bidea moldatuta dago eta Doneztebetik Behobiara doan tartea, mugaz gaindiko Ederbidea egitasmoaren baitan kokatuta dago, baita Europa zeharkatzen duen Eurovelo 1 trazaketaren baitan ere.

Guztira 40 kilometroko bidea, maldarik gabekoa, Bidasoa ibaiaren bazterretik, zelai, auzo eta herriak zeharkatuz, ibaiaren ibilgua jarraituz.

 

Cuadrilla de amigos por la Vía Verde del Bidasoa/Ederbidea
Pedaleando por la Vía Verde del Bidasoa/ Ederbidea

Ze norabide hartuko dugu?

Ibilalditxoa Donezteben hasiko dugu, Malerrekan.  Norberak bere bizikleta eraman dezake edo bertzenaz, badago bizikleta alokatzeko aukera ere bai Ameztia BTT enpresaren eskutik. Bizikletak alokatu ez ezik, Bidasoko Bide Berdean barna bisita gidatuak antolatzen dituzte.

Ibilbidea bi norantzan egin daiteke: Endarlatsa aldera edo Bertiz (Oieregi) aldera.

1. Endarlatsa aldera, Sunbilla helmuga

Donezteben gaudelarik, herriaren sarreran, N-121-A errepidea utzita eta zubia igarota, eskuinaldean, etxebizitza multzo bat ikusiko dugu; bertako kaletik sartuko gara Bidasoko Bide Berdearen hasiera topatu arte.

Gure proposamena 3 kilometroz pedalak astintzea da, Sunbillara iritsi arte. Sunbillan herria bisitatzea gomendatzen dizuegu, karriketatik barna ibiltzea, erdi aroko zubia zeharkatzea, eliza ikustea,… Mendaur mendiaren magalean kokatuta dago Sunbilla.

Sunbillan gaudelarik, indarra hartzeko eta “likidoak” errekuperatzeko, Ariztigain Kanpinera igotzea gomendatzen dizuegu. inguruko paisaiaz gozatzeko,baita bertako sukaldaritza dastatzeko ere.

2. Oieregi aldera, Bertizeko Natur Parkea helmuga

Donezteben gaudelarik, herriaren sarreran, N-121-A errepidea utzita eta zubia igarota, ezkerraldean, industriagune bat ikusiko dugu. Bertara hurbilduko gara Bide Berdearen hasiera topatu arte.

Belai eta zuhaitzen artean doan bide bat jarraituta, Legasako herrira iritsiko gara. Legasan, N-121-A errepidea gurutzatu beharko dugu BKZ Abentura Parkera  eramanen gaituen pista hartu arte eta pista hori jarraituz, Bertizeko Natur Parkera   iritsiko gara. Bertizen, lorategia bisitatu ahal dugu edo basoan barna paseoa eman. Bertizen gaudelarik, Turismo Bulegoa dagoen eraikinean  IXIART artisautza dendara sartzeko gonbitea egin nahi dizuegu. bertan, ura, freskagarriak eta kafea ez ezik, bertako artisautza eta produktuak  aurkituko dituzue: gasna, mermeladak, patxarana, …Eta otordua platerean egiteko, Urgain jatetxea. Bertizetik Orono aldera atera eta bidegurutzean bertan jatetxea ikusiko duzue. Etxeko sukaldaritza baino hobeagorik ez dago indarra berreskuratzeko.

Baztan-Bidasoa Turismoa, bizikleta bidezko mugikortasunaren alde

Baztan-Bidasoa Turismoaren helburua Baztan-Bidasoa eremu turistiko gisa lantzea eta indartzea da, baina  landa turismo jasangarria oinarri, ingurugiroa errespetatuz, gure nortasuna eta bizimodua zainduz, gastronomía, kultura eta hizkuntza maitatuz. Enpresa pribatuak eta enpresa txikiak gara, lana sustatzea eta enplegua sortzea da gure nahia, bertako populazioa bertan geratu ahal izateko eta gure herriak bizirik mantentzeko.

Eta horixe aurkituko du bisitariak gurera datorrenean: herri biziak, hizkuntza, kultura, bizimodua eta natura zaindu eta maitatzen dituzten herri biziak.

Eskuratu HEMEN Baztan-Bidasoko Mapa ZikloTurista

Ederbidea egitasmoaren baitan Baztan-Bidasoko Mapa Ziloturista eta Ibilbideen mapa kaleratu du aurten Baztan-Bidasoa Turismoak. Mapa honek, eskualdea bizikletaz zeharkatzeko bide nagusia ez ezik, 12 lotura zikloturista jasotzen ditu, hala nola herri ezberdinetan oinez egin daitezkeen ibilbideak eta inguruko mendi garrantzitsuenetara igotzeko ibilbideak ere.

Horrez gain, oinarrizko aholku batzuk eta bisitariak eskualdean aurkituko dituen zerbitzu, alojamendu, jatetxe eta jarduera enpresen zerrenda bikltzen ditu.