Zerbitzuak

Arantza

Herriko sarreran dagoen aparkalekutik, Eguzkialdia auzoko baserrien ikuspegi ederraz gozatu dezakegu. Izu eta Unanua mendiak eta beraien magaletan dauden belardi eta basoak ikusi daitezke.
Aparkalekua eta parkearen ondoan, Iturriotzako iturri-garbitegia aurkitzen da, hiru erabilpen tradizional izan dituena: animalientzako aska, etxeetarako ura eta arropa garbitegia.
Goiko kalerako norantzan eta plazara iritsi aurretik, ezkerraldean, XVI. mendeko Xabatenea etxea aurkitzen da, harrizko lehio bikoitza duelarik goiko solairuan; aurrerago, eskuinaldean, Apezenea etxea dago, iparraldera begira dagoen fatxada ederrarekin. Orain dela gutti arte, beheko solairuan denda bat zuen eta lehenago, txokolatea egiten zen.
Herriko plazako etxe eleganteen artean, lehen frontoia ere bazena, Udaletxea nabarmentzen da eta bertan, Arantzako armarri zaharra ikusi dezakegu. Iturriaren ondoan, Lopenea etxea dago, non 60. hamarkada harte okindegia egon zen eta gurina ere egiten zen.
Plazaren ondoan, frontoia aurkituko dugu, 1992-an berritua. Kirolguneaz gain, Arantzako hainbat herri ekimen kulturalen eszenatokia da.
Eliza karrikatik, lehen errota izan zen Errontenea etxea pasa ondotik, Jasokundeko Amaren elizara iristen da. Eliza hau, XVI. mendean eraikia izan zen eta XVIII. mendean handitua eta bere kanpandorre ikusgarria XIX. mendekoa izan daiteke (1887).
Elizaren hegoaldeko kale estutik, Madalenea etxera iristen da, bere harrizko plazatxoarekin eta honen parean Larrainea Dorretxea. Orain dela urte gutti berritua, bere estilo neogotikoa mantentzen du. Bere leinua, Arantzako jauntxoa izan zen Erdi Aroan eta garai batean etxerik dotoreena izan omen zen.

Kale maldatsua jeitsita, Putxutxu izeneko lekura iristen da, izen bereko iturriarekin. Egurrezko zubitxo bat gurutzatuz, Iturberriko iturri-garbitegia aurkitzen da. Aintzina, herrira iristen ziren baserritarrak, hemen aldatzen zituzten beraien oinetakoak, abarkak edo espartzinak kenduz eta zapata berria jarriz.
Berri Putxutxu iturrira bueltatuz, harrizko kalea igo, bi harrizko zubien azpitik pasatzen den pasadizo estu batetik; herriko aintzinako antolamenduaren bitxikeria, Etxeberri etxera doan zubi bat. Bidegurutzera, Falkunea eta Petrixenea etxeen artetik iristen da.
Eskuinaldera hartuz, Osinladea etxera iristen gara. Bere fatxada tradizionalean, alboetako sutik babesteko elementuak nabarmentzen dira. Jatorrian, etxe gehienek estruktura hau izaten zuten. Ondoan, Osinako iturri-garbitegia aurkitzen da, herriko handiena. Pareko kaletik Goiko karrikara iristen gara, herriko denda eta ostatu gehienekin. Bi aukera daude: hasierako puntura plazatik bueltatu edo kalea jarraitu, eskolako patiotik eta herritik ateraz…
Iturriotzako belardiak, Arantzako ikuspegiak: Ekaitzako tontorretik, Arrata errekara; Artikutza eta Lesakako mugak, Izu eta Unanua mendiak eta Eguzkialdea auzoa. Bide beretik bueltatu eta bisita aparkalekuan bukatu.

Zer ikusi Arantza inguruan

Eman izena gure Newsletter-ean eta baliatu gure eskaintzak!

Izena ematearekin batera gure establezimenduen eskaintzak eta eskualdeko agenda eta berriak jasoko dituzu.