Badakizu ze hegazti bizi diren Baztanen? Badakizu zeintzuk diren hegoalderako bidaietan gure eskualdeko zerutik igarotzen direnak?
Baztango ehiza eta arrantza elkarteko kideak, gaiari buruz dagoen ezagutza faltarekin kezkaturik, hegaztiak ezagutzeko jardunaldiak antolatu dituzte. Helburua, Baztanen bizi diren edo Baztandik pasatzen diren hegaztiak jendeari ezagutaraztea eta balorean jartzea.
Edonork parte hartu dezake antolatutako ekintzetan, heldu zein haur. Interesa duen guztiarentzat zabalik dira eta doakoak
Ehiza eta Arrantza Elkartearen filosofia Baztan berdea, bertako flora eta fauna, lau haizetara zabaltzea da, beti ere aniztasun soziala eta integrazioa kontutan hartuta. Modu batean edo bertzean denak gai garelako gure inguruaz gozatzeko. Horregatik jardunaldiaren zati bat Xauli elkarteko kideekin egin dute.
Xauliko kideek prestatu eta margotu dituzte larunbatean, eraztuntze ekintzan erabiliko diren habia kutxak.
Programa
Horrez gain, asteburu honetarako, urriak 11 eta 12, bi ekintza antolatu dira:
-Urriak 11ean, 19.00etan Arizkunenean Baztanen bizi diren eta bertatik pasatzen diren hegazti migratzaileei buruzko solasdia eginen du ornitologian aditua eta Biologian Doktorea den Alberto Lizarraga Senarrek.
-Urriak 12an, 9.00etan bi aukera planteatu dira eguraldiaren arabera:
1: Eguraldi ona baldin bada, sareak paratu eta bertan erortzen diren txoriak eraztuntzen jardunen da, Lekarozko ASPACEko albergeraren inguruan. Ekintza hau ere Alberto Lizarraga Senarren eskutik eginen da.
Bertze egun batean antolatuko zen bertze ateraldi bat había kutxak paratzera. Egun hau ez dago definitua.
2: Eguraldi txarrarekin, Lekarozko ASPACEko albergean, lehenagotik pintatuta egonen diren había kutxak montatzen eta inguruko arboletan paratzen ariko da.
Aktibitatea edozein dela ere, gero gosari bat eskeiniko zaie etortzen diren guztiei.
Elkarlana
Baztango Ehiza eta Arrantza elkarteak antolatutako jardunaldiek bat egiten dute Baztan-Bidasoa Turismoak antolatutako Ehiza Jardunaldi Gastronomikoekin. aurten urriaren 11tik abenduaren 1era luzatuko dira.
Elkarlana eta auzolana da gure lan egiteko modua, elkarlanean arituta eskaintza osotuagoa helarazi ahal dugulakoz.