Baztandarren Biltzarra, ospatzeko irrikitan

BAZTANDARREN BILTZARRA

Baztan bailara osatzen duten 15 herrien arteko elkartasun eguna

Bi urteko geldialdiaren ondotik, aurten berriz ere Baztandarren Biltzarra besta ospatuko da. Uztailaren 17an izanen da, Elizondon. Baztandarren Biltzarra, Baztan bailara osatzen duten 15 herrietako biztanleen besta da. Almandoztik, Amaiurrera, Berroeta, Aniz, Ziga Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita, Gartzain  Lekaroz, Elizondo, Elbete, Azpilkueta, Arizkun eta Erratzuko baztandarrak bilduko dira Elizondon, orga desfilean goizean eta bazkalondoan ondoren.

 

baztandarren biltzarra

 

 

Baztandarren Biltzarra, herritarren besta

Mende erdia baino gehiago daramatzate baztandarrek elkartasun besta hau ospatzen.  Gorriz markatutako eguna da Baztandarren Biltzarra bailarako egutegian. Hasiera batean irailan egiten zen ospakizuna, geroago baina uztaileko hilabetera pasatu zen, Santioetako aitzineko igandera.

Orgen desfilea izaten da bestaren izpiritua eta ekitaldi nagusia. Herri bakoitzak bere orga prestatzen du, herriko pasadizo bat gogora ekartzeko, ohitura zaharren bat plazaratzeko eta erreibindikazioren bat agintarien aurrera eramateko. Desfilearen ondotik, bazkari erraldoi batean elkartzen dira denak, 1600 bat pertsona, eskuaraz barra-barra aritzeko.

Programa. Baztandarren Biltzarra (Elizondo)

10::00 Artisau azoka (Pedro Axular karrikan/goizez)

11:00 Orga apainduen desfilea

14: 00 Mutildantzak (plazan)

14:30 Herri bazkaria

16:00 Bazkalondoko animazioa: Baztandarren Biltzarra Elkartearen komunikatua, orgen sari banaketa, tonbolaren zozketa, mutildantzak, larraindantza, muxikoak,…

18:00 Trikidantz taldea laxoko frontoian

20:30 Laiotz taldea laxoko frontoian

Jatorriaz zertzelada batzuk

Erroak, Elizondoko gazte batzuek 60. hamarkadan  Aralarreko San Miguelera egindako txangoan ditu Baztandarren Biltzarra bestak. Egun horretan bururatu zitzaien polita izanen zela bailara guziko gazteak egun batez elkartzea. Pentsatu eta egin. Ordutik, urteak joan, urteak etorri, Baztandarren Biltzarra ospatzen da Elizondon.

Bideo honetan bestaren sustraiak eta sortzaileak ezagutuko dituzu. Bideoa 2013an grabatu zen, bestaren 50. urtemugaren harira. Egun, bertan agertzen diren batzuk ez daude jada gure artean.