Artzain Eguna
Abuztuaren 15ean, Amaiurren, Artzain Eguna ospatuko dute: artzainei eta artaldeak zaintzeaz arduratzen diren artzain-txakurrei omenaldia eta festa eguna.
Besta egitarauan Patxi Etxeberria artzainaren memoriala eta Euskal Artzain Txakur Txapelketa nabarmentzen dira. Ekitaldiak, urtero bezala, ehunka pertsona bilduko ditu herriko zelaietan.
Artzain txakurren lana
Artzain gutxik imajina dezakete euren lana ondoan txakurrik izan gabe. Artzain-txakurra taldekidea, eta artaldeko lanetan laguntzaile leiala da. Ardiak gobernatzeko eta bideratzeko gai dira txakurrak: ardiak bide estuetatik gidatzeko, sarera sartzeko… palakadarik eta zaunkarik gabe, lasterketa azkar, seguru eta zehatzekin artaldea gobernatzen dute.
Baztan-Bidasoan, eta Euskal Herri osoan, bertako arraza dugu: Euskal Artzain Txakurra. Txakur-arrazarik zaharrenetakoa da; mendeetan zehar artzainei beren lan gogor eta bakartian lagundu diena.
Artzain-txakurren lana eta eginkizuna goraipagarria izan da gure eskualdean, eta hala izaten jarraitzen du. Urteak aurrera joan ahala, ordea, artzaintza gutxituz joan da, eta horrekin batera, artzain-txakurren lana ere bai.
Bitxikeriak
Euskal Artzaina txakur arrazarik zaharrenetakotzat jotzen da. Historiaurreko Neolitoko kobazuloetan hezur-hondarrak aurkitu dira, beraz, duela 12.000 urte bazela ziurta daiteke. Euskal Artzain Txakurra gure lurraldeko artzaintza-txakur nagusia da.
Real Sociedad Canina de Españak aitortua, arraza bi motatan banatzen da 1996az geroztik: “Gorbeikoa” eta “Iletsua”.
Oso ale puru gutxi geratzen dira, hamarkadetan zehar antzeko beste arraza batzuekin nahasten joan baitira, eta galtzeko arriskuan ere egon dira. Kalkuluen arabera, gaur egun 400-600 txakur daude mundu osoan.