Anton Deuna, animalien zaindaria

Urtarrilaren 17a egun garrantzitsua da landa-eremuetan; abeltzainek animaliak babesteko eskatzen diote San Antoni

Anton Deunak, urtarrilaren 17an, tradizio handia du Baztan-Bidasoa eskualdean: Lesakan (Bortziriak), Zubietan (Malerreka) edo Elizondon (Baztan), ekitaldi ezberdinak egiten dira.

Tradizioaren arabera, nekazariek antzina erregutzen zioten santuari bere ganadua gaixotasunetatik eta harrapakarietatik babesteko. Kondairak eta historiak aurrera egin dute, eta gaur, jai herrikoia da.

Lesakan, Endara auzoko San Anton ermitan, mezak ospatzen dira egun horretan, eta San Anton egunaren hurrengo igandean, erromeria egiten da. Lesakako eta Bortzirietako bizilagunez gain, Irun, Hondarribia, Lezo eta Oiartzungo bizilagunak ere joaten dira bertara. Erroskilla eta beste produktu batzuen saltzaileak ez dira faltako, ezta trikitixaren soinua ere. Arratsaldean, ospakizunak herrigunean egiten dira. (Ikusi egitaraua agendan)

Lesaka San Anton erromeria

Zubietan ere, Malerrekan, tradizio handia dago. Goizean, Santuaren ermitara joaten dira, eta meza ematen dute bertan. Ondoren, trikitixa musikaz alaituta, otordua egiten dute baselizaren estalpean.

Eta Elizondon, Francisco Joaquín de Iriarte zaharretxearen aldeko zozketari lotuta agertzen da besta eguna. Egun horretan egiten zen zeozketa, bailaran egiten den zozketarik zaharrena da: 1867ko txartel bat gordetzen  da, hartara 150 urte baiono gehiagoko zozketaz hitzegiten ari gara. Antzina, txerri bat, bi arkume, urdaiazpiko bat eta Pirinioetako aratxe bat zozketatzen ziren, eta aratxea herrian barna paseatzen zen zozketa aurretik. Gaur egun gauzak aldatu egin dira eta aratxea ez da herrian erakusten. Zozketa baina mantentzen da. Eguerdi aldera egiten da plazan. Hurbiltzen direnei Baztan-zopak eskaintzen zaizkie, gorputza berotzeko. Zopak ardi-saldarekin prestatzen dira. Ogi zatiak buztitzen dira saldan eta gero sardexkarekin jaten dira.