Ura, elementu birsortzailea
San Joan bezperan suak gure herrietako kaleez jabetzen badira, izpiritu txarrak, belar txarrak eta gaitzak sutan erretzeko, San Joan Egunean, urak txanda hartzen dio, ziklo berri bati ongietorria emateko. Ura elementu birsortzailea da, eta soroak ureztatzeko eta uzta ona lortzeko, indarrak hartzeko eta gaitzak sendatzeko erabiltzen da.
San Joan egunean, San Juan Xar bisitatu behar da, Igantzi eta Arantza artean dagoen paraje zoragarria. Diotenez, iturburutik datorren urak sendatzeko ahalmena du. Hiru iturrietatik edan behar da hotzeria saihesteko. Zapi busti batekin igurtziz gero, larruazaleko arazoak saihesten omen dira, eta oinutsik ibiltzeak osasunari mesede egiten omen dio.
Sinesmenak dira, erritoak, urteko gaurik laburrenean eta egunik luzeenean, udari ongi etorria emateko oraindik ere egiten direnak.
Gure errito eta usadioen jatorria
Antzina-antzinatik, zibilizazioek Ama Lurraren ziklo ezberdinak ospatu dituzte. Nekazaritzari eta lurraren laborantzari eskainiak, ziklo berri baten etorrera beti gurtzaz ospatu izan da.
Kristautasunaren etorrerarekin erritu paganoak “eraldatzen” joan ziren. Kristautasunak bere egin zituen eta horrela, neguko solstizioarekin batera Gabonak ospatzen dira eta udako solstizioarekin batera San Joan. Hala ere, zenbait errito ezin izan zituen bereganatu, eta horiek sorgindutzat jo zituen.
Sorginkeriaz zerbait dakigu Baztan-Bidasoan. 1610eko Logroñoko Prozesuan, Zugarramurdiko 31 bizilagun epaitu zituzten sorginkeria egotzita, eta 11 erre egin zituzten suan.