Urdazubiko San Salvador Monasterioa

Jatorriaren data zehazterik ez badago ere, uste da agustindarren kongregazio txiki batek erromesentzako ospitale bat sortu zuela han XI. mendean.

 XII. eta XIII. mendeen artean ordena premontretarra bizi izan zen bertan, baina ez da deus ere gorde Erdi Arotik. Une gorena XVI. eta XVIII. mendeen artean lortu zuen; garai hartakoak dira, hain zuzen ere, harri arrosak -Baztango harriaren kolore tipikoa- dituzten eraikinak.

 Bi sute handi izan ziren monasterioan: bata, 1526an, Nafarroak bere independentzia galdu zuelarik; eta bestea, 1973an, Frantziako Konbentzioan zehar, armada frantziarrak eremua inbaditu eta monasterioa eta Urdazubi erre zituenean. Azken sute horretan, monasterioko liburutegia suntsitu egin zuten, 9.000 liburutik gora biltzen zuena. Hori gertatu eta gero, fraideek Loiolako santutegian bilatu behar izan zuten babesa 1806. urteraino.

Geroxeago, 1839an, Mendizabalen desamortizazioa gertatu zen. Ordena premontretarrak behin betiko utzi zuen abadetxea, eta bertako tenplua parrokia-eliza bihurtu zen.

Garai bateko monasterioaren eliza eta klaustroa gorde dira. Barnealdean pintura eta eskultura garaikidearen bilduma iraunkor bat dago. Klaustroaren gainean monasterioaren museoa dago; han, ikus-entzunezko eta erakusketa-panelen bidez Urdazubiko historia erakusten da, baita Donejakue Bidearekin duen lotura eta monasterio gisa izandako iragana ere.

Klaustroan, “Zubi-Arte” arte garaikidearen erakusketa ikus daiteke. 300 artelan baino gehiago: pintura, eskultura,…gaur egungo artista garrantzitsuenen obrak guztiak .

Kontaktua