Egunon! Zer moduz? Ongi ibili!
Bertakoa zein kanpotarra izan, euskaraz hitzegiteko proposamena dakartzagu! Erran ezazu euskaraz lehendabiziko hitza, gurera datozenek Hiztegi ttipia eskutan euskaraz erantzuteko!
Gurera heldu diren bisitariak berehala konturatzen dira Baztan-Bidasoan bi hizkuntza erabiltzen ditugula: euskera eta gaztelera. Gure ondare naturala, kulturala, historikoa ezagutzera etortzen dira, baita gure ondare linguistikoa ezagutzera ere. Hortaz, eta euskera pixka bat ezagutzera gonbidatzeko, Bortziriak, Malerreka eta Baztango Euskara Zerbitzuek kalean dute ONGI ETORRI HEMEN EUSKERAZ BIZI GARA eskuorri berria.
Euskaraz dago idatzita gure historia, euskalduna da gure kultura
Hizkuntza gure marka dela eta hemen euskaraz bizi garela erakutsi nahi diegu bisitan heldu zaizkigunei.
Paisaia, historia, kultura, gastronomia,…dena da garrantzitsua gurean. Baita gure Ama hizkuntza ere.
Ongi etorri! Hiztegi ttipia
Turistei gure hizkuntza errealitatearen berri eman eta euskaraz solastatzeko gonbitea egin nahi die argitalpen honek. Horretarako, Baztan, Bortziriak eta Malerrekako hizkuntza errealitatearen berri ematen duen azalpen labur bat dakar euskaraz, gazteleraz, frantsesez, katalanez eta ingelesez. Azalpenean azpimarratzen da eskualde hauetan euskara hizkuntza bizia dela. Era berean, bisitariei ahal duten neurrian euskara erabiltzeko gonbita egiten zaie. Horretarako oinarrizko hiztegi bat erantsi da, gaztelera, frantsesa, katalana eta ingelesera itzulia. Horrekin batera QR kode bat agertzen da, eta lotura horrek euskarako hiztegia hizkuntza gehiagotara itzultzeko aukera ematen du (eta alderantziz).
Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak argitalpena banatzen lagundu du azken urteotan eta aurten berriz egitasmoarekin bat egiten du.
Ikusi eta jaitsi HEMEN eskuorria!