Xorroxin, Bidasoa ibaiaren iturburua
Pago eta gaztainondoen artean izkutatuta, espero ez duen tokian eta unean agertzen zaio bisitariari Xorroxingo ur-jauzia. Txikia da Bidasoa ibaiaren iturburua, eta bere txikitasunean handia. Erratzun dago, Baztango bailaran. Erratzutik Bidasoko eskualdea josiz doaz Xorroxingo urak herriz herri, xokoz-xoko,…Hondarribiraino.
Zentzumeneterarako gozagarri da Erratzutik abiatu eta Xorroxingo ur-jauzia ezagutzeko aukera ematen duen ibilbide zirkularra. Ur-jauzia ezagutzeaz gain, Erratzuko herria eta Gorostapolo auzoa ezagutzeko aukera ere ematen du. Landak eta eraikin etnografikoak aurkituko ditugu ibilbidean zehar: bunkerrak, kisulabeak, ermitak…
7 kilometroko distantzia du, haurrekin egiteko erraza eta zailtasun handirik gabekoa pertsona helduendako.
Bisita egin aurretik erreserba egitea beharrezkoa da, Erratzuko herrian masifikazioa ekiditeko.
Erreserbak on line 👉 HEMEN
Erreserba egin eta gero, autoa herriko sarreran dagoen aparkalekuan utziko dugu.
Herriko karriketan barna Aranea errekaraino iritsiko gara. Harrizko zubia igaro eta Iñarbegiko erreka paretik doan bidezidorretik ibiliko gara. Bi zubi txiki zeharkatu ondotik, Gorostapoloko baselizatik behera datorren harrizko bidearekin bat eginen dugu.
Xorroxinera iristeko markatutako bidea jarraitu beharko dugu bertze zubi bat aurkitu arte eta behin zubian, Iñarbegiko erreka jarraituta, ezkerretara hartuko dugu. Pago eta gaztainondo artean, Xorroxingo ur-jauzira iritsi arte.
Katalogazioa: Bide lokala
Trazaketa: Porlana, harria eta lurra
Iraupena: 2 ordu
Nola iritsi: Iruña zein Donostiatik, N-121-A errepidea hartuta Oronoz-Mugairira ailegatu eta bertan N-121-B errepidea hartuko dugu Arizkun eta Erratzuko bidegurutzera iritsi arte. Bidegurutzean NA-2600 errepidea hartuta Erratzura helduko gara.
Bitxikeria: Xorroxin Urjauzia Nafarroako Paisaien Bidea. Ura eta Behatokiak izeneko eskaintzan hautatutako 35 baliabideetako bat da.