"Zopak" eta "bustiak"

Gure agenda ikusi baduzu, herrietako bestetako programak irakurri badituzu,…konturatuko zinen besta bezperatan “zopak” jateko ohitura dugula.

Baztanen, bailararen izena hartuta, “Baztan-zopak” deitzen dira; eskualdeko gainontzeko herrietan: “zopak”.

“Baztan-zopa”, sardexkaz jaten den zopa bakarra

Izenak dioen bezala, zopa bat da, baina zopa berezia, goilararekin jan beharrrean, sardexkarekin jaten baita.

Errezeta erraza izanik ere, sukaldariaren eskarmentua arras garrantzitsua da. Ardi salda egin behar da lehenik eta ondoren, ogi zerrak gehitu. Ogia busti-busti eginda dagoenean, zopak prest daude jateko.Batzuek pikante pixka bat botzatzen diote, oinarrizko elikagaia izan zen honi bixigarria emateko.

Antzina artzainen elikagaia, egun besta ikur bilakatu da Baztan-Bidasoan.Besta bezperatan, herri aunitzetan, doan banatzen dituzte. Baztan-Bidasoan baldin bazaude, probatu itzazu!

“Busti”

Bere izenak dioen bezala, “busti” bat, saldan bustitako ogi zerra da. Baztan-Bidasoan ohikoa da eguerdian, bazkal aitzinean, busti bat jatea. Ostatuetan aperitifa bezala zerbitzatzen dituzte. Eguneko platereko saldarekin egiten da “bistia”, hortaz, beti ezberdina da, eta beti goxo-goxoa!