EUSKARAZ BLAI UDALEKUAK! ATZERA KONTAKETA HASI DA!

Hiru, bi, bat…!

Begiraleak prest dira eta asteburu honetan egin dute bilera Euskaraz-Blai udalekuetako ordezkariek  udako oporrak Baztan-Bidasoan igaroko duten haurren gurasoekin.

Ekainaren 25ean, igandez, iritsiko dira lehenbiziko taldeak Beintzako eta Arantzako aterpeetara. Astebetez, sentsazioz beteriko itsasoan murgilduko dira gazteak: naturaz gozatuz, gure tradizioak ikasiz, lagun berriak eginez,…eta dena EUSKARAZ. Horixe baita Beintzako eta Arantzako aterpeek, BAztan-Bidasoa Turismoa Elkargoarekin elkarlanean antolatzen dituzten udaleku hauen erronka eta helburua: gazteen arteko harremanak euskaraz sustatzea.
Udan zehar, 400 haur eta gaztetxo inguru etorriko dira gurera.

“UDALEKU IBILTARIA”

Aurtengo berrikuntza da. 14-17 urte bitarteko gazteei zuzendutako eskaintza da “Udaleku Ibiltaria”. XX. mendean kontrabandoa egiteko erabili izan zituzten bideetan barna, hainbat etapa egiteko aukera eskaintzen zaie gazteei. Oiartzungo Arritxulotik aterata, Arantzako Aterpean barna Beintzako aterperaino, bidean, gau-lanean aritu zirenen esperientziak ezagutuz.