Ura eta sua, udaro berria ospatzeko

San Juan Suak

Sua & Ura

Eguzkiaren aroaren etorrera ospatzeko, oraindik ere errito ugari egiten dira Euskal Herrian. Batzuk suarekin ospatzen dira, beste batzuk urarekin.

Sua.

“Sarna fuera, ona barnera, txarra kanpora San Joan Bautista…”

Horrelaxe erraten dugu Baztan-Bidasoan San Juan suak saltatzen ditugunean. Salto aurrera, eta salto atzera, izpiritu txarrak uxatzeko, belar txarrak erretzeko, gaitzak akabatzeko,…

San Juan gauan eskualdeko herri guztietan egiten dira suteak, baina Arizkungoak dira ezagunenak.

Ilunabarrean, ezkil jotzearekin batera, etxe bakoitzeko bizilagunek belar mukuru bat jartzen dute etxe atarian. Herri guztia sutez betetzen da eta goitik behera saltoka, herriko hiru karrikak zeharkatzen ditu jendeak.

 

 

Ura

Elementu berritzailea da ura: uzta oparoa eskatzeko, indarra hartzeko, gaitzak sendatzeko…

San Juan egunean  Igantziko San Juan Xar parajean egiten da erritoa. Bertako iturburuetako ura sendagarria dela diote-eta.

Reserva Natural de San Juan Xar

Hiru iturrietako ura edaten du jendeak urte osoan eztulik ez izateko: zapi bat hiru iturrietako urarekin busti, eta larrua igurtzen dute larruko gaitzak sendatzeko, eta bertako errekatxoan ortotzik ibiltzen dira uraren ahalmen berritzailea xurgatzeko.

Erritoen sorrera

Gizakia gizakia zenetik, beti, ospatu ditu Lurraren aroak: neguko solstizioa eta udakoa. Nekazariak, AMA Lurraren ziklo aldaketak sinesmen eta miresmen beteriko erritoekin ospatu izan ditu duela gutxira arte.

Kristautasuna iritsi zenean baina, jentil ohiturak (paganismoa) bereganatuz eta trasformatuz joan zen, neguko solstizioan Eguberriak ezarriz eta udakoan San Joan Bautista. Bereak egin ez zituen ohituak aldiz, deabruaren eta sorginen afera zirela erran zuten elizgizonek.

Baztan-Bidasoan badakigu sorginkeriaz zerbait, Zugarramurdiko 31 bizilagun epaitu zituzten 1610ean Logroñoko auzian sorginkeria leporatuta eta 11 suan erre.