Inauterietan murgilduta Baztan-Bidasoa
Atzera kontaketa hasi da, eta dagoeneko Aniz, Berroeta, Oronoz, Sunbilla edo Ituren eta Zubietan inauteriak ospatu dituzte. Halere, badaude oraindik bete beharreko hainbat besta eta tradizio garizuma heldu aitzinetik.
Baztan-Bidasoa eskualdean inauteriek sustrai errotuak dituzte, eta pertsonaia andana ditugu eskualdeko inauterietan: Iturenen eta Zubietan, “Joaldunak” eta “Artza”; eta “Artza” Arizkunen ere; Erratzun, “Damak”; Beran, Iñudeak eta Artzaiak” ; eta Lesakan, “Mairuak eta Zako-Zarrak”.
Sustraitutako tradizioak
Baztan-Bidasoan baina, inauteriekin lotuta badira motorrak berotzera gonbidatzen duten beste jai batzuk ere: Orakunde, Gizakunde eta Emakunde.
Gizakunde eta Emakunde
“Gizakunde” gizonen besta zen. Antzina, garizuma aurreko hirugarren ortzegunean ospatzen zen. Eta ondorengo ortzegunean, “Emakunde” ospatzen zen, emaztekien besta. Denbora pasa ahala, bi besta hauek desagertu ziren, baina, duela urte batzuk, “Jo ala jo” Kultur taldearen lanari esker, inaute giroko besta hauek berreskuratu egin dira.
Garaiak aldatuz doazen bezalaxe, bestak ere aldatu dira, eta gaur egun, “Gizakunde” ospatzen da soilik, eta emakume zein gizonek parte hartzen dute.
Arizkunen eta Erratzun ospatzen da besta, eta egun guztia irauten du. Ilunabarrean, “Jantzilo” zanpanzarra erretzen dute. Garrek gaitza eta txarreri guztiak suntsitu eta ziklo berriari ateak zabaltzen dizkiete.
“Orakunde”, “Ortzegun gizen”, “Arraultze-arraultze” eta “Urtzain gizen”
Inaute aurreko azken ortzegunean, haurrek hartzen dute lekukoa eta “Orakunde” ospatzen da. Besta honek izen ezberdinak ditu eskualdeko herri ezberdinetan. Hala Baztanen “Orakunde” edo “Ortzegun gizen” izenarekin ezagutzen den bezala, Etxalarren “Urtzain-Gizen” da eta Lesakan “Arraultze-arraultze”.
Haurrak protagonista, goizean herrian barna ibiltzen dira kalejiran. Ondotik jokoak egiten dituzte eta eguerdian etxetik kanpo bazkaltzen dute. Bazkalondoan, zenbait tokitan “oilar jokoa” egiten da eta ondotik merendua eta dantzaldia.