Garizuma aitzinetik besta izaten da nagusi Baztan eta Bidasoan
Inauterien inguruko tradizio zaharrek bizirik diraute gure eskualdean. Aurten, COVID’19 dela eta, ez da ospakizunik izanen. Halere, gure usadioak gogora ekarri nahi izan ditugu.
Ba al zenekien Baztan-Bidasoko inauteriak hausterre baino hiru aste lehenago hasten direla? Garizumaren zorroztasunari aurre egiteko aurreko hiru ortzegunetan eromena eta festa gailentzen dira!
Gizakunde y Emakunde
“Gizakunde” gizonen festa zen. Antzina, garizuma aurreko hirugarren ortzegunean ospatzen zen. Hurrengo ortzegunean, “Emakunde” ospatzen zen, emaztekien besta. Denbora pasa ahala bi besta hauek desagertu ziren, baina duela urte batzuk, “Jo ala jo” Kultur taldearen lanari esker, inaute giroko besta hauek berreskuratu egin dira eta egun bizirik diraute Baztanen.
Garaiak aldatuz doazen bezalaxe, bestak ere aldatu dira eta gaur egun “Gizakunde” ospatzen da soilik, bertan baina, emakume zein gizonek parte hartzen dute.
Arizkunen eta Erratzun ospatzen da. Besta Arizkunen hasten dute eta bazkalondoan, Erratzura joaten dira mozorrotuta. Ilunabarrean “Jantzilo” zanpanzarra erretzen dute eta garrek gauza txar guztiak suntsitzen dituzte, gauza eta ziklo berriei atea zabalduz.
“Orakunde”, “Ortzegun gizen”, “Arraultze-arraultze” eta “Urtzain gizen”
Inaute aurreko azken ortzegunean, haurrek hartzen dute lekukoa eta “Orakunde” ospatzen da. Besta honek izen ezberdinak hartzen ditu herri ezberdinetan. Hala Baztanen “Orakunde” edo “Ortzegun gizen” izenarekin ezagutzen den bezala, Etxalarren “Urtzain-Gizen” da eta Lesakan “Arraultze-arraultze”.
Haurrak protagonista, goizean herrian barna ibiltzen dira kalejiran. Ondotik jokoak egiten dituzte eta eguerdian etxetik kanpo bazkaltzen dute. Lehenago paella, oilaskoa eta laranja jatea zen ohikoena. Bazkalondoan, zenbait tokitan “oilar jokoa” egiten da. Ondotik merendua eta dantzaldia.
Inauteriak eta pertsonaiak
Eskualdean baditugu hainbat inauteri eta pertsonaia ezagun. Horietako batzuk aipatzearren: Ituren eta Zubietako “Joaldunak”, Lesakako “Zako-zaharrak”, Berako “Iñude eta artzaiak”, Erratzuko “Damak” eta Arizkungo “Hartza”. Aurten baina, denak etxean geratuko dira. Ez da inauteriarik ospatuko gure eskualdean. Heldu den urten berriro gure karrikak animatzen ikusiko ditugulakoan, hementxe, testu honen bidez, gure omenalditxoa.