Baztan-Bidasoko Mapa ZikloTurista
Kalean da Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak editatu duen Baztan-Bidasoko Mapa ZikloTurista eta Ibilbideen II. edizioa. Egitasmoa, mugaz gaindiko Ederbidea proiektuaren baitan egin da, Europako Interreg-Poctefa laguntza medio.
Guztira 10.000 ale argitaratu dira, 8.000 euskaraz –gaztelaniaz eta 2.000 frantsesez-inglesez; eskualdeko Turismo Bulegoetan eta Baztan-Bidasoa Turismoaren bazkideen bitartez banatuko dira,
Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak 2018an kaleratu zuen maparen bigarren edizioa da hau berrituta eta eguneratuta! Bertan, Behobiatik Doneztebera doan Bidasoko Bide Berdearen trazaketa agertzen da (36km); baita Doneztebetik Orokietako gainara (Saldias) egin den bide zikloturistaren trazaketa ere, Bidasoko Bide Berdea eta Plazaolako Bide Berdea (Latasa) lotzen dituena (48 km). Azken zati hau proiektu gisa agertzen zen lehenengo edizioan; egun, ordea, errealitatea da, eta bertatik Iruñearaino segida badu. Azkenik, oraindik egin gabe baina proiektuan dagoen Doneztebe-Elizondo trazaketa ere (15km) agertzen da edizio honetan.
Guztira ehun kilometro baino gehiago, Baztan-Bidasoa bizikleta gainean eta pedalak astinduz ezagutzeko.
Baztan-Bidasoko Mapa Ziloturistak eta Ibilbideen mapak, eskualdea bizikletaz zeharkatzeko bide nagusia ez ezik, 12 lotura zikloturista jasotzen ditu, hala nola herri ezberdinetan oinez egin daitezkeen ibilbideak eta inguruko mendi garrantzitsuenetara igotzeko ibilbideak ere. Beste berrikuntza nagusiki GR bideetan barna 2020 urtean garatuko den KB-Kontrabandisten Bideak proiektuaren trazaketa da.
Horrez gain, zikloturistendako oinarrizko aholku batzuk eta eskualdean aurkituko dituen zerbitzu, alojamendu, jatetxe eta jarduera enpresen zerrenda biltzen ditu.
Baztan-Bidasoa Turismoa eta Ederbidea
Baztan-Bidasoko Mapa ZikloTurista EDERBIDEA egitasmoaren baitan gauzatutako ekimena da.
EDERBIDEA, Baiona, Donostia eta Iruñea hiriak elkartuko dituen zikloturismo bide sarea da, 240 km luzeera izanen duena. Tarte gehienak zabalik daude eta bukaera 2020rako aurrikusten da.
Proiektu hau Interreg-Poctefa Europako dirulaguntzarekin garatzen ari da eta bertan Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroako administrazio nagusiek eta hainbat elkartek parte hartzen dute, Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoa bertzeak bertze.
Aipatu halaber, Baztan-Bidasoan bat egiten dutela Ederbideak eta Eurovelok, Europa zeharkatzen duen bide zikloturiata luzeenak.
Eskuratu HEMEN Baztan-Bidasoko Mapa ZikloTurista (Euskaraz eta erdaraz)