Olentzero, aro zaharraren amaiera adieraztetik opariak banatzera
Olentzero pertsonaia gizena, ona eta zarpaila balitz irudikatu zaigu. Ikazkina ofizioz, pipa hortzetan duela, zikina jaisten da Gabon gauean menditik Euskal Herriko haurrei opariak banatzera.
Erraten dutenez Olentzero Lesakakoa da eta behar bada horregatik, Bortzirietako herri honetan, abenduaren 24an, eguerdian, Jaiotza eta Olentzero lehiaketa egiten dute urtero. Olentzero irabazlea, arratsaldeko kalejiran herrian barna eramaten dute.
Zein da baina pertsonaia honen benetako jatorria?
Historiatzaileek diotenez, Olentzero kristianizazio aurrekoa da. Neguko solstizioaren erritoen barne kokatzen da. Gabon gauean erretzen zuten Olentzero, gauza zaharrak eta txarrak desegiteko eta naturaren eta eguzkiaren berritzeari ongi etorria emateko; heriotzaren ondotik bizitza sortzen zela sinetsita.
Berpizte eta berritze ideia hau da hain zuzen Olentzerok, Olantzarok, Onantzarok,…adierazten duena.
Kristautasunaren iritsierarekin baina, naturaren berritzearen erranahia kendu zitzaion Olentzerori eta mezu kristau baten iragarle egin zitzaion: Jesusen sorreraren iragarle hain zuzen.
Olentzero Baztan-Bidasoan
Gabon gauean Baztan-Bidasoko herri aunitzetara iritsiko da Olentzero, zenbait tokitara Mari Domingirekin batera.
Abenduaren 24ko gauean, gabon kanten soinuek oiartzuna izanen dute gure herrietako karriketan. Lehenago baina, Olentzero Baztan-Bidasora iritsiko da haurren eskutitzak jasotzeko. Hala, larubatean, abenduaren 21ean, IrriSarri Landen aurkitu ahalko dugu.
Olentzero gurean izanen dugu Gabon gauean, Jesusen jaiotzaren berri ematera etorriko da batzuentzat eta neguko sosltizioa ospatzera bertzeentzat.
Batera zein bertzera, Baztan-Bidasoa Turimo Elkarteak besta zoriontsuak opa dizkuzue!