BAZTANDARREN BILTZARRA, ESKUARA BARRA-BARRA

Baztan bailara osatzen duten hamabortz herrien arteko besta handia

Duela 54 urte ospatu zen lehendabizikoz Baztandarren Biltzarra, orduan Euskal Jaia. Elizondoko gazte talde batek Aralarreko San Migelera egin zuen txangoa eta autobusean zihoazela pentsatu zuten polita litzatekela baztandar guziak elkartuko zituen besta eguna antolatzea. Pentsatu eta egin!

Hasierako urteetan irailean ospatzen zen Baztandarren Biltzarra , gero eguraldia ziurtatzeko asmoz, uztailera pasatu zuten ospakizuna eta ordutik, gorriz markatuta dago tokiko egutegian Baztandarren BIltzarraren eguna: Sanferminen eta Santioen arteko asteburuan ospatzen da beti.

Orgen desfilea da bestaren ardatza. Herri bakoitzak orga edo karroza bat egiten du: tradizio bat antzestuz, toki edo egoera bat gogora ekarriz, erreibindikazio bat eginez,… gaia nolanahi ere isilpean gordetzen dute denek eguna iritsi arte.

Urrezko urteak eta krisi urteak bizi izan ditu bestak: guardia zibilak bazkaltzen ari zirenen kontra kargatu zueneko urtea gogoan dute aunitzek,…. bertze urte batez jaia bertan behera utzi zuten antolatzaileek, orga lehiaketan parte-hartzea gero eta eskasagoa zelakoz.

Inflexio puntua izan zen hura…Bestak indarra hartu du eta egun, gero eta orga gehiago aurkezten dira eta kalitate handiko lanak gainera. Lehia handia izanik ere, baztandar guztiek bat egiten dute mahai inguruan. 1200 pertsonendako bazkari ederra prestatzen da eta aurten berriz ere bertako produktuekin osatutako menua eskainiko dute antolatzaileek.

Bazkalondoan ez dira bertsolariak, abeslariak eta omenaldiak faltako. Nafarroaren Eguna antolatzen duen Basaizea Elkarteak omenaldia jasoko du 2017ko Baztandarren Biltzarra Egunean.

Eskuarak batzen gaitu izan da urte askoan besta honetako leloa; orain baina BAZTANEN ESKUARA BARRA-BARRA lelopean elkartzen gara baztandar eta euskaldun guztiak. Hala izan dadila aurten ere!

Baztandarren Biltzarra 2017

10:00 Artisauak Pedro Axular Karrikan

11:00 Orga desfilea

14:00 Mutildantza Foruen Plazan

14:30 Herri bazkaria (Merkatu Plazan). Ondotik musika, abeslariak eta dantzaldia