Zerbitzuak

Arizkun

Aintzialde, Bozate, Ordoki eta Pertalats auzoek osatzen dute herria. 

Txistu eta atabal doinuak dira nagusi Baztango herri honetan. Bertakoak ziren Maurixio Elizalde txistularia eta Felix Iriarte atabalaria, bertakoak  Javier eta Patxi Larralde aita-semeak. Baztanek berezko dituen folklorearen eta kulturaren seinale batzuk mantendu dituzte Arizkungo herrian. Horietako bat inauteak dira; hemen, Hartza herriko gazteei segika ibiltzen da hurbil duen hartzazainaren begiradapean. Sagardantza ere mantendu dute Arizkundarrek, eta San Juan bezperan Baztan bisitatzen dutenek ezin dute  Arizkunen ospatzen den gau magikoa galdu. San Juan Bataiatzailearen elizako ezkil-jotzearekin herriko etxeetako atarietan suak piztu eta hauen gainetik salto egitera gonbidatzen duen gaua.

Eraikin erlijiosoen artean arras nabarmena da Nuestra Señora de los Angeles komentua. Felipe V.aren ministro eta Murillo el Cuendeko markesa zen Juan Bautista de Iturraldek sortu zuen klarisa komentu hau, bere emazte Manuela Munarrizekin. XVIII. mendeko eraikin honek silarri gris eta gorrizko aitzinalde barroko ikusgarria du, markes koroa bat duen armarri handi batek are ikusgarriago egiten duena; komentuaren kanpo aldearen eta Iturraldea etxearen artean dago eraikina.

Arkitektura zibilari dagokionez ezin aipatu gabe utzi Arizkungo Gamioxarrea dolaretxea (sagardo dolarea). Dolare hau barrokoa da eta “Jo ala Jo” kultur elkarteak berreskuratu eta zaharberritu du. 

Bozate auzoan, Ursuako Jauregia dago, Nafarroako nobleziaren familia zaharrenetako baten leinu-etxea. 1526an Ursuako Pedro sortu zen hemen , XVI.mendeko konkistadorea eta Kolonbiako “Pamplona” herriaren sortzailea, bere kidea zen Lope de Aguirrek El Doradoko bilaketan hil  zuena.

Hemendik ez arras urrun Goyeneche Jauregia dago. Bertan sortu zen 1656an  Juan de Goienetxe,  Karlos II.aren diruzaina eta Madrilgo Nuevo Baztan herriaren sortzailea. Honek eraikiarazi zuen Madrilgo Alkala karrikako Goyeneche Jauregia,  XVIII. mende bukaeratik ‘Real Academia de Bellas Artes de San Fernando’ bere barrenean hartu zuen eraikina.

Agoteak

Arizkungo herria, zehazki Bozate auzoa, mendetan zehar agoteekin lotua izan da. Bereizitako arraza edo komunitate bat da agoteena, gaur egun oraindik  haren jatorria ezezaguna da. Duela ez aunitz arte –nahiz eta bertako jatorrizko biztanleekin bizi izan- diskriminazio bortitza sufritu zuten. Agoteek ez zuten lur komunalak lantzeko eskubiderik, ez eta errota erabiltzeko ere. Elizan sartzeko ate berezi bat erabili behar izaten zuten, eta behin barrenean, atzeko lekuetan jarri behar izaten ziren. 

Hori dela eta, agote aunitzek bertzelako lanak egin behar izan zituzten, artisau lanak, artistikoagoak, zurgintza, hargintza edo musikagintza adibidez, eta lanbide hauetan errespetua lortu zuten. Denborarekin, mendeetan zehar sufritutako marginazioa eta bazterketa leundu eta agoteak zeuden lekuan finkatzea lortu zuten. Baztanen ere halaxe izan zen.

Bozatetik hurbil, Arizkungo bidegurutzean, Lamiarrita inguruan, Laxoan, euskal pilotaren modalitate zaharrenean aritzeko plaza bat dago.

Baztango Donejakue bidea Arizkundik igarotzen da, Elbete aldera.

 

Zer ikusi Arizkun inguruan

Eman izena gure Newsletter-ean eta baliatu gure eskaintzak!

Izena ematearekin batera gure establezimenduen eskaintzak eta eskualdeko agenda eta berriak jasoko dituzu.