Joareen hotsak, inauterien iragarle

Joaldunak

Ituren eta Zubietan hasiak dira joareak astintzen

Eskualdean baditugu hainbat inauteri eta pertsonaia ezagun. Ituren eta Zubietako “Joaldunak” horietariko batzuk dira. Malerrekako bi herrixka hauetako inauteriak, urtarrileko azken igandearen hurrengo astelehen eta asteartean ospatzen dira. Aurten urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean izanen dira. Astelehenean Zubietako joaldunek Iturengoak bisitatuko dituzte eta biharamunean Iturengoek bisita itzuliko diete.

 

Bortzirietan,  Lesakako “Zako-zaharrak” eta  Berako “Iñude eta artzaiak” ateratzen dira inauterietan; eta Baztanen, pertsonaia garrantzitsuenen artean, Erratzuko “Damak” eta Arizkungo “Hartza” ditugu. Iaz ez genuen inauteak ospatzeko paradarik izan, aurten, dena ongi, posible izanen da, beti ere formatu txikian eta osasun neurri guztiak aintzat hartuta.

Inauterien atarian, Orakunde, Emakunde eta Gizakunde

Inauterien inguruko tradizio zaharrek bizirik diraute gure eskualdean. Ba al zenekien Baztan-Bidasoko inauteriak hausterre baino hiru aste lehenago hasten direla? Garizumaren zorroztasunari aurre egiteko aurreko hiru ortzegunetan eromena eta festa gailentzen dira!

Gizakunde y Emakunde

“Gizakunde” gizonen festa zen. Antzina, garizuma aurreko hirugarren ortzegunean ospatzen zen. Hurrengo ortzegunean, “Emakunde” ospatzen zen, emaztekien besta. Denbora pasa ahala bi besta hauek desagertu ziren, baina duela urte batzuk, “Jo ala jo” Kultur taldearen lanari esker, inaute giroko besta hauek berreskuratu egin dira.

Garaiak aldatuz doazen bezalaxe, bestak ere aldatu dira eta gaur egun “Gizakunde” ospatzen da soilik, bertan baina, emakume zein gizonek parte hartzen dute.

Arizkunen eta Erratzun ospatzen da besta eta egun guztia irauten du. Ilunabarrean “Jantzilo” zanpanzarra erretzen dute. Garrek gauza txar guztiak suntsitu eta ziklo berriari ateak zabaltzen dizkiete.

“Orakunde”, “Ortzegun gizen”, “Arraultze-arraultze” eta “Urtzain gizen”

Inaute aurreko azken ortzegunean, haurrek hartzen dute lekukoa eta “Orakunde” ospatzen da. Besta honek izen ezberdinak ditu eskualdeko herri ezberdinetan. Hala Baztanen “Orakunde” edo “Ortzegun gizen” izenarekin ezagutzen den bezala, Etxalarren “Urtzain-Gizen” da eta Lesakan “Arraultze-arraultze”.

Haurrak protagonista, goizean herrian barna ibiltzen dira kalejiran. Ondotik jokoak egiten dituzte eta eguerdian etxetik kanpo bazkaltzen dute. Bazkalondoan, zenbait tokitan “oilar jokoa” egiten da eta ondotik merendua eta dantzaldia.

I